KULTURALDIA

Jardun borobila

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 27a, 18:06

Gogotik jardun du txistulari taldeak Santiago zein Santa Ana egunean. Bertakoei kanpotik etorritako lagunak batu, eta goizean hasi eta iluntzera arte ibili ziren musikariak kalerik kale eta auzorik auzo kalejirak zein bestelako piezak eskaintzen. Bideoa: Ander Pastoriza.

Azkenaldian, txistuaren hotsa sarri, ozen eta goxo entzuten ari gara Soraluzen. Konfinamendua bukatu eta berehala hasi zen herriko txistulari-taldea kalejirak eskaintzen. Horrela segitu dute uztaila amaitu bitartean. Eta bereziki, asteburuan, Santiago eta Santa Ana egunean.

Gainera, bertako txistulariei kanpotik etorritakoak gehitu zaizkie. Bizkaitarrak dira ia guztiak, Barakaldotik, Ondarroatik, Portugaletetik, Bilbotik… etorritakoak. 

Txistulari taldetik kontatu dutenez, Edurne Orbea silbote-jolearen lagunak dira; batek, Jasone Akizuk ama plazentziarra dauka. Edurne Orbeak Soraluzeko taldearekin jotzera gonbidatu zituen, bizkaitarrak animatu, eta horrelaxe bukatu dute Soraluzen.

Gustura ibili zirela esan dute, eta plazentziatarrak ere bai eurekin.