Itxi dute errepidea Errekaldetik Atxurirantz

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 27a, 09:09
Kalea itxita dagoela adierazten duen kartela eta udaltzainak, Olako zubiaren amaieran, gaur goizean.

Iragarritako moduan, itxi dute Errekaldetik Atxuri-Errabal kaleetarako sarbidea, Errekalde 10eko etxea botatzen hasi ahal izateko. Zirkulazioa Santa Ana kaletik desbideratu dute eta Zubi Nagusia egun osoan izango da zabalik ibilgailuendako.

Goizeko lehen ordutik, Olako zubian daude udaltzainak, gidariei gogora ekartzeko itxita dagoela hortik erdigunerainoko errepide zatia. Ibilgailuen joan-etorria saihesbidetik dago desbideratuta, semaforo bidez pasoa emanez, autobusen joan-etorria barne. 

Hori dela-eta, gaurtik eta Errekalde 10eko etxea botatzeko obrak bukatu arte, Santa Ana kalea eta Zubi Nagusia egun osoan zabalik izango dira ibilgailuentzat; ez, ordea, Gabolats eta Etxaburueta kaleak; azken bi horiek arratsaldez itxita izango dira eta oinezkoen gune izaten segituko dute.

Obrei dagokienez, Errekalde 10eko etxea hondamen egoeran dagoela-eta, hura bota egingo du Construcciones Echaide enpresak. Makina bidez eta eskuz botako dute, zatika; bestela esanda, ez dute lehergailurik erabiliko eraisketa-lanak egiteko. 

Aurreikuspena da obrak gaur hasi eta hilabetez luzatuko direla. Aurrekontua, berriz, da 53.111,4 euro. 

Zirkulazioan aldaketak

Zirkualzioari dagokionez, honako aldaketak ezarri dituzte:

  • Atxuri, Errabal eta Baltegieta kaleetara joateko Zubi Nagusitik joan beharko da. Halaber, Atxuri eta Errabal kaleek bi norabidetako zirkulazioa izango dute.
  • Erdigunea zirkulaziorako zabalik egongo da (Santa Ana eta Zubi Nagusia).
  • Ezozibide-Ola-Ezozibide inguruko zirkulazioa semaforo bitartez bideratuko dute.
  • Pesa-Lurraldebusen autobus geltokiak Estaziñoan zein Ezozibide 16an egokituko dituzte.
  • Mendarorako autobus geltokiak, berriz, Sagar-Errekan, Ezozibiden, Estaziñoan eta Olako zubian izango dira.