Atzo baino jende gutxiago

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 26a, 12:35

Gaur, Santa Ana eguna da, herrian egun handia beharko zukeena. Deigarria da, ordea, ze jende gutxi dabilen kalean. Goiz-eguerdi parteari dagokionez, txistulariena izan da talderik handiena, gainera, maila altuko musikariak bertaratu dira gaur, herrikoekin batera, Eibartik zein Barakaldotik etorritakoak. Gazta azokan erosle bakan batzuk ibili dira, hori bai. Eguerdia borobiltzeko, gaiteorek hartu dute txanda, indartsu hartu ere. Gaua, berriz, "lasai" joan da.

Atzo, zapatua, iluntzean “piztu” zen kaleko giroa apur bat, bazkarien ostean kalera irten ziren herritarrekin, eta iluntzeko txikiteoarekin. Gaua etorri zen ondoren; harekin bazegoen kezka apur bat, kedadaren bat egiteko asmoaren gaineko zurrumurrua zabaldu baitzen. 

Udal ordezkariek emandako informazioaren arabera, ordea, tabernariek goizago ixteko hartutako erabakiari eutsi eta 01:30erako itxita zeuden guztiak. Kalean gelditu ziren lagunak laster antzean erretiratu ziren etxera.

Bihar, hainbatek jai

Asteburukoak eginda, bihar, astelehena, bukatuko dira herriko jaiei dagozkien egunak. Ez da ekitaldirik izango. Hori bai, askorentzat jai-eguna da, egutegiz horrelaxe ezarrita zutelako. Horren ondorioz, bihar, hainbat saltoki eta zerbitzu itxita izango dira.