Giro lasaia

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 25a, 13:26

Jairik ez zela egongo esan zen, eta antzematen da hori eguerdi partean kalean dagoen giroan. Santiago eguna izan arren, asteburu arrunta dirudi. Azokan eta arte erakusketan badabil jende apur bat, txistulariak kalejiran dabiltza eta presoen aldeko elkartasun taldea txartelak saltzen. Baina esandakoa, lasaitasuna da nagusi. Eta halaxe izan da bart gauean ere, Udaltzaingoaren esanetan. 

Bihar, domeka, ekitaldi gehiago egongo dira, haiek ere goiz-eguerdi partean. Alberto Ramirezek bihar ere ipiniko ditu artelanak zubian: “Originalak, obra grafikoa, serigrafia, eskulturak…” Lanok ikusteko eta erosteko aukera izango da, gainera; 50 eurotik hasita eskura daiteke Soraluzeko artistaren artelanen bat. 

Horrez gain, Debabarreneko Gazta Azoka egingo dute Plaza Zaharreko karpan, 09:00etan hasita, eta bihar ere izango da musikarien kalejira; kasu honetan, txistularien eta gaiteroen eskutik.

Gau-giroa

Gau-giroari dagokionez, iragarritako moduan, bart gauean Ertzaintza bertaratu zen bizpahiru aldiz eta taberna bakarrari eman zion ixteko abisua. Gainerakoan, 01:00etarako itxita zeuden guztiak. Gaur ere etorriko direla esan dute, antza, gaur jende gehiago espero baita herrian.