Datozen egunotan, tabernak 01:00etarako itxiko dituzte

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 24a, 09:20

Gaur, bihar eta etzi, herriko taberna guztiak 01:00etarako itxiko dituzte, tabernariek aho batez horrela erabaki eta gero. Tabernarientzat lehenago ixtea “ahalegin ekonomiko handia” izan arren, erabaki dute osasuna lehenestea eta legez duten baimena baino bi ordu lehenago ixtea. 

Gaur, barikua, egoera normalean herriko jaien txupinazoa jaurtiko zatekeen egunean, ez da inolako ekitaldirik egingo, Udalak, pandemia dela-eta, jaiak bertan behera lagatzea erabaki duelako. 

Ildo beretik, herriko tabernariek ezohikoa den erabakia hartu dute: gaur hasi eta domekara bitartean, tabernak goizaldeko hiruretan barik, ordu batetan ixtea, eurentzat hori egitea esfortzu ekonomiko handia izan arren. Ondorengoa da helarazi duten oharra:

“Soraluzeko bizilagun guztioi:

Herri honetako tabernari denok aho batez erabaki dugu, egoera dagoen moduan, Soraluzeko jaietan 03:00etan itxteko baimena izan arren, 01:00etan ixtea. Jakin ezazue guretzat esfortzu ekonomiko handia dela, baina pentsatzen dugu garrantzitsuagoa dela osasuna.

Gaztelupe, Gila, Edurtza, Lucy (Casa del Pueblo), Arrano, Bolia, Pub Intxisu, Batzokia, Txoko eta Asigor zuen zain egongo gara egun osoan, eta gauean, 01:00ak arte. 

Mila esker”.