Koronabirusa

Datozen egunotan areagotu egingo dute kale-kontrola

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 23a, 08:59

Ertzaintza kalean patrullatzen.

Datozen egunak, egoeran normalean, herriko jaiak izango zirenak bertan behera lagata daude. Atzo, horixe gogora ekarri eta azpimarratu zuen alkateak. Horrez gain, Udalak jakinarazi du, datozen egunotan kale-kontrola handitu egingo duela, egunez Udaltzaingoarekin eta gauez Ertzaintzarekin elkarlanean.

Gaur, herriko jai nagusien bezpera da, egoera normal batean, txupinazo bezpera. Atzo, ordea, Iker Aldazabal alkateak bando bidez gogora ekarri zuen aurten ez dela ospakizunik egongo, bizi dugun osasun egoeraren ondorioz.

Horrez gain, gaur, eguena, alkateak ohartarazi du prebentzio neurri modura, eta batik bat asteburuari begira, areagotu egingo dutela “kale-kontrola”, egunez Udaltzaingoarekin, eta haiek ez daudenean Ertzaintzarekin, gauez. Atzo, eguaztena, batzarra izan zuen alkateak Ertzaintzako ordezkari batekin gaia lantzeko.

Ostalariei, berriz, gogora ekarri die tabernek goizaldeko 03:00ak arte zabaltzeko baimena izan arren, norberaren esku ere badagoela haiek lehenago ixtea. Herritarrei, berriz, dei egin die erantzukizunez joka dezaten.