Koronabirusa

10 positibo eta hiru ospitaleratu

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 22a, 10:04

Anbulatoriorako sarrera, gaur, uztailaren 22.

Atzoko datuen arabera, martitzena, beste hiru herritarrek positibo eman dute PCR probetan. Azken zazpi egunotan, bada, guztira, 10 soraluzetarrek eman dute positibo. Horietatik hiru ospitaleratuta daude. Soraluzeko anbulatoriotik jakinarazi dute zerbitzua kolapsatuta dagoela. Anbulatorioan mediku eta erizain bana gutxiago dira, eta aldi berean, izugarri handitu da herritarren eskaera. 

Joan den eguaztenetik hona, Soraluzeko hamar herritarri COVID-19 birusa dutela konfirmatu diete. Horietatik hiru ospitaleratuta daude, plantan. Bestalde, haien gertuko senideak eta lagunak bakartuta daude. Baita beste asko ere, gehienak PCR proba egiteko edo haren emaitzaren zain. 

Anbulatorioan langile gutxiago

Izan ere, Soraluzeko anbulatoriotik jakinarazi dutenez, “jende asko dago Zarauzko eta Eibarko kasuekin kontaktua izan duena”. PCR proba asko egiten ari dira, ahal dituzten guztiak: “Ahal duguna egiten ari gara. Gelditu gabe ari gara. Jendea urduri dago, nahi du arreta berehala jaso eta hemen mediku bat eta erizain bat gutxiago ditugu. Oporretan daude eta ez dute haien ordezkorik ipini. Gaude bi hiruren lana egiten”.

Protokoloak errespetatu

COVID-19 positiboen ugaritzeari buruz, berriz, anbulatoriotik ohartarazi dute bizi dugun egoera ez dela “broma”. “Ea ez zaigun deskontrolatzen”, diote. Halaber, eskatu dute bete beharreko protokoloak errespetatzeko. Adibidez, PCR probetan negatibo eman duten hainbatek jarraitu beharrekoa: “Positibo batekin zuzeneko kontaktua izan duenak, nahiz eta PCR proban negatibo eman, azken eguneko kontaktutik kontatzen hasita, hamar eguneko isolamendua bete beharra dauka, eta asko ez dira hori betetzen ari. Isolamendua errespetatzea oso garrantzitsua da kutsatu kopurua ez handitzeko”.