Koronabirusa

Musukoa non erabili behar den argitu du Segurtasun Sailak

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 23a, 10:10

Kalebarren atzo, eguaztena.

Joan den astean sartu zen indarrean musukoaren erabileraren derrigortasuna. Segurtasun Sailak erabilera horren gaineko zehaztasunak helarazi ditu. Adibidez, argitu du tabernetako barran kontsumitu daitekeela, baina musukoa jantzita izan behar dela kontsumizioa egiten ez denean. Besteak beste, esplikatu du gimnasioan derrigorrezkoa dela musukoa erabiltzea; 6 urtetik gorako umeek ere jantzita izan behar dutela, baita futbolean jolasten ari direnean ere, eta aldiz, kirola aire zabalean eta bakarka egiten bada, ez dagoela zertan erabili.

Uztailaren 15ean indarrean sartu zen aginduaren oinarrian bi osasun-irizpide daude:

  • Pertsonen pilaketak ekiditea; izan ere, birusa transmititzeko foku garrantzitsua dira.
  • Birusaren transmisioa ekiditea gizabanakoak elkarrengandik hurbil daudelako eta, horretarako, musukoa erabiltzea derrigorrezkoa izatea, eta 1,5 metroko segurtasun-distantzia ezabatzen baita.

Argibideak:

Eremu sozialean:

 

1.-Har daiteke kontsumiziorik tabernaren atean edo inguruan, ala bakarrik barruan eta/edo terrazetan? 

Bai, har daitezke kontsumizioak tabernaren atean edo inguruan, baldin eta 1,5 metroko distantzia gordetzen bada pertsonen artean; gainera, musukoa eraman beharko da jantzita. Gainera, taldeak ezingo dira 10 pertsonatik gorakoak izan ingurune horietan, eta pertsona horiek kontsumitzen dutena establezimendukoa bertakoa izan beharko da.

2.- Nolakoa izan behar du muskoaren erabilerak, kontsumizioa edo jatekoa hartzeko orduan? Musukoa kentzen eta jartzen egon behar dugu etengabe, edo kontsumizioak iraun bitartean jantzita izan gabe egon gaitezke?

Bezeroak tabernara edo jatetxera musukoa une oro jarrita sartu beharko du, kontsumitzeko unean izan ezik; beraz, jantzita izan beharko du, esertzean, jatekoa eta/edo edatekoa eskatzean, eta harik eta zerbitzariak kontsumizioak eraman arte; orduan kendu ahalko dute. Kontsumizioak amaituta, berriz ere jantzi beharko du, nahiz eta mahaian eserita jarraitu.

Bezeroak komunera, tabakoa erostera edo beste edozer egitera joan behar badu, musukoa nahitaez jantzi beharko du, eta gauza bera egingo du ordaintzera doanean eta lokala uzten duenean. Zerbitzariarekiko adeitasunagatik, bezeroak musukoa jarri beharko du, halaber, eskatzen duenean edo motiboren batengatik zerbitzariarekin elkarrizketan jardun behar duenean, nahiz eta kontsumitzen egon”.

3.- Musukoen erabilera bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan.

Musukoaren derrigorrezko erabilerari buruzko 1.3. puntuak honako hau dio:

Pertsonen arteko tartea edozein dela ere, nahitaezkoa izango da musukoa erabiltzea, bai bide publikoan eta aire zabaleko espazioetan, bai erabilera publikoko gune itxietan edo jendearentzat irekita dauden lekuetan.

Betebehar hori ez da derrigorra izango gaixotasun-motaren bat edo arnasketa-zailtasunen bat duten eta musukoaren erabileraren ondorioz larriagotu daitekeen pertsonen kasuan, edo, daukaten desgaitasun- edo mendekotasun-egoera dela eta, maskara kentzeko autonomiarik ez dutenen kasuan edo dauzkaten jokabide-nahasmenduen ondorioz haren erabilera bideraezina den kasuetan, ez eta 21/2020 ELDko 6.2 artikuluan aurreikusitako egoeretan ere.

4.- Piknikak, barbakoak, bazkariak aire zabaleko espazioetan.
Piknikak edo barbakoak egiteko behar bezala egokituta dauden espazio irekietan edatekoa eta jatekoa kontsumitu ahalko da, betiere taldeak 10 pertsonatik gorakoak ez badira eta une oro maskara jantzita badaramate, jatekoa edo edatekoa hartu bitartean izan ezik.

5.- Terrazetan edo bide publikoan erretzea.

Baimendutako espazioetan erre ahalko da, baina musukoa eraman beharko da une oro, erretzeko unean izan ezik.

 

Lan-eremuan:

 

1.- Lan-zentroetan, publikoak zein pribatuak izan, musukoa erabili behar da lanaldian, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gordetzen bada?

Jendearentzat zabalik ez dauden espazioen kasuan, besteak beste lan-zentroetan edo antzeko izaerako beste edozeinetan, arauan berariaz jasota ez daudenez, espazio bakoitzean egokitzat jotzen diren neurriak aplikatu beharko dira; neurri horiek bermatu egin beharko dute goiburuan azaldutako osasun-printzipioak betetzen direla.

Gainera, ekainaren 9ko 21/2020 Errege Lege Dekretuan (COVID-19ak eragindako osasun-krisialdiari aurre egiteko prebentzio, geldiarazte eta koordinazioko premiazko neurriena) ezarritakoa bete beharko da.

Mugikortasunean:

 

1.- Gidariek musukoa eraman behar dute?

Tranbiako, trenbideko, metroko, funikularreko eta autobuseko langile guztiek dute bezeroarengandik bananduta gidatzeko kabina edo pandemian jarritako banantze-manparak. Horrenbestez, musukoa erabiltzeko derrigortasuna gidatzeko aldian ez da hain zorrotza izango, baina, horretarako, bakarrik egon beharko dute bidaiari-lekuetan.

Txanda-aldaketak daudenean, sartzen denak eta irteten denak musukoa jantzita eraman beharko dute, eta eskuak garbi. Txanda hartzen denean, ibilgailura maskararekin sartu beharko da, eta garbitu egin beharko da, horretarako bere esku dauden produktuen bidez.

2.- Autoaren barruan musukoa eraman behar da?

Ez da beharrezkoa autoan bakarrik edo bizilagunekin bidaiatzen bazara. Beste edozein kasutan, bada derrigorra.

 

Kirolean:

 

1.- Kirola aire zabalean egitean, musukoa eraman behar da?

Kirola aire zabalean eta bakarka bada, 21/2020 ELDaren 6.2 artikuluan ezarritakoa aplikatuko da. Nolanahi ere, Osasun Sailak herrigunean kirola egiten bada hura erabiltzea gomendatzen du.

2.- 6 urtetik gorako umeak parkean edo futbolean jolasten ari direnean, besteak beste, musukoa eraman behar dute?

Nahiz eta deserosoa izan daitekeen maskara jantzita jolastea, hura erabiltzea derrigorra da pertsona horientzat ere.

3.- Mendira noa, bakarrik. Musukoa eraman behar da?

Ez da beharrezkoa. Egoera horrekin parekatu beharko dira hemen deskribatu ez diren gainerakoak, baina banako jarduerak direnak, aire zabalekoak eta beste pertsona batekin kontakturik eragiten ez dutenak.

4.- Bidegorritik bizikletan noa lanera. Musukoa beti?

Aire zabaleko jarduera fisikoarekin parekatzen da. Intentsitatea txikiagoa izatean, maskara erabiltzea gomendatzen da.

5.- Gimnasio baten barruan, kirola musukoa jantzita egin behar da?

Bai; izan ere, erabilera publikokoa den edo jendeari zabalik dagoen espazio itxian zaude. Beraz, derrigorra da musukoa erabiltzea gimnasio baten barruan.

6.- Taldeko kirola aire zabalean.

Aire zabalean taldeko kirola egiten denean, musukoa ez da derrigorrezkoa izango, ez eta ezinbesteko kasuetan edo beharrizaneko egoeretan ere, edo, jardueren beren izaera dela eta, maskara erabiltzea bateraezina den kasuetan, osasun-agintarien oharrak aintzat hartuta.