Herritar asko hurreratu zen zapatuan Frontoira, ehun eta hamar herritar, eta horrelaxe, aurrean plaza beteta zutela, abiatu zuten emanaldia lau trikitilariek. Oraindik ere, eguzkiak jotzen zuen tablatuan, eta aurrean jendea gustura zegoen gerizpetan. Bestalde, emanaldian zehar, 240 gailu konektatu ziren Plaentxia.eus-en zuzeneko emisiora.
Iragarri bezala, ez zen izan ohiko (halakorik balego) trikiti emanaldia. Jolas egin zuten soinuarekin, ahotsekin eta panderoarekin, euren artean, eta publikoarekin ere bai. Hainbat kantu ezagunen bertsioak interpretatu zituzten kangu zaharrak indarberritzen dituen aire soilduarekin: Loa loa, Eskutxoek jo dute, Oi Pello Pello… Amaitzeko, Beldurrak ahaztuta kantua eman zuten, emakumeei elkartasun eta askatasun mezua bidaliz. Eta guztia, bizipozez gainezka, kantutik kanturako tarteetan umorez betetako komentarioak eginez, eta euren arteko eta publikoarekiko konplizitatea bilatuz.
Emanaldi ederra eta gozagarria izan zen, garai arraro hauetan hain beharrezko den bizipoza eta naturaltasuna dosi handietan transmititu zituena.