Koronabirusa

Zazpi positibo

Erredakzioa 2020ko uzt. 20a, 14:11

Eusko Jaurlaritzak argitaratutako azken datuen arabera, herrian zazpi lagunek eman dute positibo PCR probetan. Beste hainbatek, berriz, gaur egin dituzte probak eta  badira oraindik proba egiteko hitzorduaren zain daudenak ere. 

Soraluzeko lehen kasu positiboa joan zen eguaztenean atzeman zuten. Gainerako seiak, berriz, asteburuan detektatu dituzte, barikuan, zapatuan eta domekan, egun bakoitzeko bina kasu. 

Horrez gain, bakartuta daude beste hainbat lagun, positibo eman duten herritar horiekin kontaktu zuzena izan zutenak, PCR proba egin berri, edo hura egiteko zain. 

Hain justu, gaur, astelehena, hainbat soraluzetar Eibarren izan dira, PCR proba egiten eta jakinarazi dietenez, bizpahiru egun barru emango diete proben emaitzen berri.

Atzeman dituzten positibo gehienek Zarauzko eta Eibarko fokuekin dute lotura. 

Inguruko herrietan positiboak

Gertuko udalerriei dagokienez, 45 positibo berri erregistratu dira Eibarren. Gaur argitaratutako datuen arabera, guztira 73 dituzte erregistratuta. Ermuan, 71 positibo kontabilizatu dituzte, Elgoibarren, 12 eta Bergaran,17.