Koronabirusa

Itxi egin dute Ezoziko Futbol Zelaiko taberna

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 20a, 09:48

Atzo, domeka, itxi egin zuten Ezoziko Futbol Zelaiko taberna. Zapatu goizean tabernaren kanpoko aldean pare bat orduz eta tarte labur batez barra barruan lanean egon zen gazte batek positibo eman du PCR probetan, eta nahiz eta hark bezeroekin ia kontakturik ez izan, badaezpadako babes neurri modura, Soraluzeko Udalak taberna ixtea erabaki du. Datozen orduotan, tabernako langileei PCR proba egingo diete. Futbol zelaiko txorroak ere itxita daude.

Zarauzko fokuarekin kontaktua izan zuen soraluzetar batek positibo eman du PCR probetan eta justu, herritar horrek zapatu goizean  lanean jardun zuen pare bat orduz Ezoziko Futbol Zelaiko tabernaren kanpoko aldean, eta barra barruan ere bai, tarte labur batez. 

Futbol zelaiko taberna irekia da, hau da, terraza zerbitzua eskaintzen dute bakarrik, eta horrek gutxitu egiten du bezeroek kutsatzeko duten arriskua. Gainera, positibo eman zuen herritarrak maskara jantzita egin zuen lan bertan egon zen denbora guztian. Hala ere, badaezpadako neurri modura, atzo, domeka, Soraluzeko Udalak Ezoziko Futbol Zelaiko taberna ixtea erabaki zuen.

PCR probak

Datozen orduotan, futbol zelaiko tabernako langileei PCR probak egingo dizkiete. Izan ere, haiek kontaktu zuzena izan zuten positibo eman duen soraluzetarrarekin. Soraluzeko Udalak futbol zelaiko taberna ixtearekin batera, ur-parkea ere itxi egin du .

Bestalde, Osakidetzak, gaur, astelehena, eguneratuko ditu COVID-19aren herriz herriko kutsatze datuak. Herrian zabaldu denez, barikuko hiru positiboez gain, gutxienez, beste bi lagunek ere eman dute positibo. 

Baina, esandako moduan, Osakidetzak oraindik ez ditu datuak eguneratu. Izan ere, argitaratu dituen azkeneko datuen arabera, Soraluzen positibo bakarra zegoen. Baina Plaentxia.eus atariaren iturriek konfirmatutako datuen arabera, barikuan dagoeneko hiru positibo zeuden herrian.