Aurrerantzean, Euskal Autonomia Erkidegoan 6 urtetik gorako pertsona guztiek derrigorrean erabili beharko dute maskara espazio publiko guztietan, irekietan zein itxietan. Gauerdian sartu da indarrean hori arautzen duen Jaurlaritzaren agindua. Bihar, berriz, gauza bera aginduko dute Nafarroan, kasu horretan, 12 urtetik gorako pertsonendako araua izango da.
Agindu berriaren arabera, kalean, hondartzan, igerilekuetan, pasealekuetan... espazio publiko guztietan jantzi beharko da maskara.
Salbuespenak
Salbuespenak honakoak dira:
- Hondartzan eta igerilekuetan, toallan baldin bagaude eta pertsonen arteko segurtasun distantzia bermatzen bada, ez da maskara jantzi beharko.
- Kirola egiterakoan; kasu horretan ere pertsonen arteko distantzia mantentzen den kasuetan. Hori bai, kiroldegietako eremu komunetan jarri egin beharko da maskara.
- Mendian ere ken daiteke maskara.
- Orain arte moduan, arnasa hartzeko arazoak dituzten herritarrek ere badute maskara barik ibiltzea.
- Lantokietan, berriz, 1,5 metroko distantzia mantentzerik bada, maskara ken daitekeela zehazten du aginduak.
10 lagunetik gora ezin
Maskara jantzi beharraz gain, bestelako neurri batzuk ere sartu dira indarrean agindu berriaren bitartez, ostalaritza establezimenduekin eta gazte lokalekin lotutakoak.
Ostalaritza establezimenduen kasuan, halakoetan ere maskara jantzita egon beharko da; bakarrik kendu ahal da edateko edo jateko momentuan, gero, atzera ere jantzi egin behar da. Gainera, ostalaritzako lokaletan, ezingo dira 10 pertsonatik gorako taldeak batu mahaietan, ez establezimenduaren barruan, ezta kanpoan ere.
Horrez gain, ostalaritzako establezimenduei ez zaie ordutegiak zabaltzeko baimenik emango, eta orain arte emandakoak bertan behera lagako dituzte. Neurri horrek ostalaritzako establezimendu eta zerbitzuetan, jatetxeetan, txokoetan eta sozietate gastronomikoetan du eragina.
Gazte lokaletan ezin da ibili
Bestalde, debekatuta dago gazte-lokaletan eta antzekoetan jarduerarik egitea. Eta baita ere, kalean kolektiboan edo taldean edariak kontsumitzea, bestela esanda, botila festak egitea debekatuta dago.
Atzo, eguaztena, Nekane Murga Osasun sailburuak eman zuen aginduaren berri. Murgak esplikatu zuenez, pandemiaren bilakaerak eraman ditu neurriak gogortzera.