Noiz jarri zenuten martxan ikuskizuna?
2018ko udazkenean izan zen hasiera. Emanaldi baterako deitu ziguten, gustura sentitu ginen, beste bat egiteko deia etorri zen…. Entsaioetarako biltzen ginenean oso gustura sentitzen ginen, deiak etortzen hasi ziren, eta prest ginen.
Zergatik Amak izena?
Gure izenekin egindako jokua da. Trikitilarien artean oso normala da norberaren izena edo baserriaren izena izatea. Gainera laurok amak gara. Amak hitzak asko esaten du.
“Betiko moldeetatik” ateratzeko nahia aipatu duzue.
Ufff! Guk ere ez dakigu zein diren betiko moldeak. Zaharrak? berriak? Gustatzen zaiguna eta nahi duguna egiteko aukera dugu eta horixe da egiten saiatzen garena.
Zelako harrera jaso duzue publikoaren aldetik?
Guk jaso duguna oso ona izan da. Oso maitatuak sentitu gara uneoro. Edozein adin eta motatako publikoa gerturatu zaigu. Trikitixa da gure arma eta guregana gerturatzen denak gustuko izan behar du.
Errepertorioko kantu zehatzen bat aipatzerik bai?
Bertsio asko ditugu. Gure kantuetatik hasita. Maixa eta Ixiar, Alaitz eta Maider eta M-n ezten taldeetako abestien moldaketak. Zaldibobo, Imanol Lartzabal, Oskorri... Oraindik ez dugu single-lik.