Kostata, baina azkenean Ezoziko futbol zelaiko ur-parkea martxan jarriko dute. Gaurtik, egunero izango da zabalik, honako egun hauetan izan ezik: bihar, zapatuan, uztailaren 21ean eta uztailaren 23an. 16:30etik 20:30era bitartean egongo da parkea zabalik, eta hiru esparru izango ditu: solariuma, igerilekua eta jolas-gunea.
Solarium modura, Iribe baserri alderako zelai zatia erabili ahalko da; jolas-gune modura, berriz, futbol-zelaiaren erdigunea, futbolean-eta jolastu ahal izateko. Azkenik, ur-txorroak kantina aldera dagoen zelai zatian izango dira, hantxe baitago ur-instalazioa eginda.
Ez erre, ez jan
Erabilera arauei dagokienez, berriz, ezin izango da zelaian ez jan eta ezta erre ere; horrez gain, bertaratzen diren umeek guraso edo helduren baten ardurapean egon beharko dute eta COVID-19ari aurre egiteko arauak errespetatu beharko dira: elkarren arteko distantzia gorde eta eskuak sarri garbitu.