Uztailaren 22an batuko dute Soraluzeko artilea Bergaran

Egoitz Unamuno 2020ko uzt. 14a, 09:07
Ardilatxak. Iturria:Erran.eus.

2020ko artile bilketaren kanpaina uztailaren bigarren hamabostaldian abiatuko da eta Soraluzeko artilea batzeko eguna uztailaren 22an izango da, Bergarako Epeleko zabortegian.

Gipuzkoako Foru Aldundia, ardi sektoreko elkarteak, gestio etxeak, nekazaritzako sindikatuak eta Landa Garapeneko elkarteak aritu dira aurtengo kanpaina antolatzen eta bilketa zerbitzua ahalik eta modu sinple eta merkeenean egiteko prozedura landu eta adostu dute. 

Horregatik, euren artilea entregatzeko interesa duten artzainek 696 433 602 telefonora deitu beharko dute eta bertan azalduko zaie, entregatzeko eguna, ordua eta tokia. Gainera, aurten, derrigorrezkoa izango da aurrez hitzordua eskatzea.

Konpost egitera bideratuko da

Hainbat enpresak eta eragilek artilea balorizatzeko irtenbideak aztertzen badihardute ere, oraindik ez da irtenbide orokorrik topatu eta aurten, iaz bezala, batutako artilea “konpost”-a egitera bidaliko da Nafarroara.

Debemen Debabarrena Landa Garapenerako elkarteak Debagoienako eta Urola Erdiko mankomunitateen lankidetza eskertu nahi du, beren eskumenekoak diren Epeleko eta Lapatxeko zabortegietan jasoko delako Debabarrena eskualdeko artilea.