Sebas Etxaniz baldintzapean aske

Egoitz Unamuno 2020ko uzt. 12a, 08:00

Sebas Etxaniz aske lagatzeko eskatuz Elgoibarren egin zuten murala.

Sebastian Etxaniz Alkorta (Elgoibar, 1944), Arantxa Plazaola soraluzetarraren senarra, atzo goizean atera zen Villabonako (Asturias) kartzelatik, baldintzapeko askatasunean. Elgoibartarrari joan zen martitzenean ezarri zioten hirugarren gradua eta 76 urte beteak dituenez, aske laga dute, baldintzapean.

Sebas Etxaniz 2002tik zegoen preso eta 76 urterekin euskal presoen kolektiboko kiderik zaharrena zen. Hain zuzen, adinarengatik eta batez ere 2019ko apiriletik zigorraren hiru laurdenak beteta zituelako, Sebas Etxanizek behin baino eskatu zuen hirugarren gradua, baina orain arte espetxeko tratamendu batzordeak ukatu egin dio aukera hori. Orain espetxeko batzordeak hirugarren gradua ezartzea onartu du, argudiatuz zigorraren hiru laurdenak beteta dituela eta indarkeria erabiltzeari uko egitearekin batera, eragindako mina eta kaltea aitortu eta espainiar legedia onartu dituela. Izan ere, Sebas Etxanizek 2013an EPPK kolektiboak abiatu zuen banakako gizarteratze prozesuari jarraitu zion eta eduki horiek biltzen zituen adierazpena sinatu zuen gainerako preso gehienek egin duten bezala.   

Espainiako Auzitegi Gorenak 30 urteko espetxe zigorra ezarri zion Sebas Etxanizi, ETAren Bizkaia komandoko kide izatea eta 80. hamarkadaren hasieran zazpi pertsonaren hilketetan parte hartzea egotzita. Hain zuzen, egotzi zion parte hartu izana Joaquin Gorjon Gonzalez guardia zibilaren, Luis Cadarso Guardia Zibileko teniente koronel erretiratuaren eta Ramón Romeo Rotaeche ejerzitoko teniente koronel erretiratuaren kontrako atentatuetan 1981ean, eta Barakaldoko udaltzainburu zen Jose Aibarren eta beste hiru pertsonaren -euretako bi Espainiako polizia nazionalak- kontrakoetan 1982an (Iturria: EFE agentzia).

Sebas Etxanizek, guztira, hogei urte eman ditu preso Espainiako kartzeletan (2002a baino lehen 2 urte eginak zituen preso). 

 

    

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.