Gipuzkoako baso jabeen elkarteak hitzaldia eskainiko du eguaztenean

Egoitz Unamuno 2020ko uzt. 11a, 08:00
Pinuen gaitza hizpide izango dute hitzaldian. (Artxiboko irudia)

Gipuzkoako Baso Elkarteak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, datorren eguaztenean, arratsaldeko 19.00etan, hitzaldia eskainiko du herriko antzokian. Baso jabeen elkarteak Debabarrena eskualdean duen ordezkariak, Xabier Zubiaurrek eta elkarteko zenbait teknikarik berba egingo dute.

Prentsa oharrean jakinarazi dutenez, hitzaldian "antolatzen dituen ekintza eta eskaintzen dituen zerbitzuez" hitz egingo dute eta horrekin batera "baso-pandemiak eratorrita sortu diren gaurkotasun-gaiak" ere jorratuko dituzte: "pinuaren gaitzak jota dagoen azalera, intsinis pinua bera ordezka dezaketen espezie anitzak, laguntzak, etabar. Hori guztia, gure lurraldean baso kudeaketa jasangarria mantentzeak duen garrantzia azpimarratuz".

Oharrak zehazten dutenez, eguazteneko hitzaldia "irekia" izango da "bizilagun eta inguruko herritar guztientzat".

Basojabeen elkartea

Gipuzkoako Baso Elkartea Gipuzkoako baso jabeak batzen dituen elkartea da eta elkarteak zabaldutako datuen arabera, probintzia osoan dauden 9.000 baso jabeetatik 2.800 inguru dira elkarte horretako bazkide.