Eneko Otxarri: "Esaten dute 'herri txiki infernu handi', baina momentuz, Soraluze ez da infernu handia"

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 9a, 09:37

Eneko Otxarri Jauregi Udaltzaingora sartzen.

Eneko Otxarri Jauregi (Sestao, 1993) udan Soraluzen egongo den udaltzain berria da. Joan den astean etorri zen eta abuztuaren amaiera arte egongo da bertan.

Noiztik zara udaltzain?
Orain dela astebete.
Bai? Lehen aldia duzu bada udaltzain; orain arte zertan zeniharduen?
Soroslea nintzen, Barakaldoko igerilekuan. 
Zer moduz lan aldaketa?
Ondo, egia esan. Eibarren izango balitz, akaso okerrago, baina hemen, Soraluzen, ondo.
Zein da herriaren gaineko zure hasierako inpresioa?
Ondo. Esaten dute herri txiki infernu handi, baina momentuz, ez da infernu handirik; oso ondo. Badirudi jendeak ondo hartu nauela.
Zerbaitek eman dizu arreta?
Nabarmenena edo nire herriarekiko desberdinena da Soraluze herri txikia da. Sestao ez da horren handia ere, baina mugimendu handiagoa dago: jende gehiago, kanpotik joaten den jendea… hemen ez da horrela. 
Ezagutzen zenuen lehenagotik?
Ez. Esan zidatenean hemen lanean hasi behar nintzela, bi egunez etorri nintzen ezagutzera, ingurua aztertzera, tabernak… (barre)
Zelan bukatu duzu, bada, Soraluzen?
Lan-poltsa batean nago. 
Soraluze ez zaizu bizitokitik urruti gelditzen?
Bai. Baina autobidetik, azkenean, 40-50 bat minutura dago…
Askok diote Soraluze zatarra dela…
Bueno. Herri txikia da eta agian beste zerbait espero duzu. Baina, aldi berean, herri zatarra dela entzuten duzu eta beste zerbait espero duzu, ez da horrenbesterako. Egia esan, herria atsegina egiten da. 
Zure nahia da udaltzain/polizia izatea?
Bai. Horrexegatik egin nuen lan aldaketa. Gero Ertzaintzaren oposizioetara aurkeztuko naiz.
Zergatik polizia?
Ba egia esan, hasieran ez neukan horrela pentsatuta, ez da umetako nire ametsa. Baina orain dela urte batzuetatik hona, etxean komentatu nuen, gustukoa dut… 
Kirolzalea ere bazara…
Bai, triatloia egiten dut. Kilometroa 3,50etik gora egiten duten guztiak harrapatzeko moduan nago (barre)… Sestaoko Triatloi Eskolako arduraduna naiz, beste kide batekin batera. Umeekin lan egiten dut eta triatloia praktikatzen dut nagusien taldean. Umeekin lan egitea oso gustuko dut, ondo moldatzen naiz eurekin, askotan helduekin baino hobeto (barre). 
Noiz duzue hurrengo kirol hitzordua?
Ba aurten COVID-19arekin dena bertan behera gelditzen ari da, beraz… Sestaoko triatloia irailaren hasieran izaten da, eta atzo bertan (eguaztena) jakin genuen ezin dela egin.
Beste zaletasunik baduzu?
Bai. Musika. Bizi osoa daramat zeharkako txirula jotzen.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.