Pelikularen gaineko bilera bertan behera

Ubane Madera 2020ko uzt. 8a, 08:29

Gaur, eguaztena, Erase una vez...Euskadi pelikularako grabazioen xehetasunak emateko iragarrita zegoen bilera bertan behera laga dute. Lokalizazioen arduradunak esplikatutakoaren arabera, oraindik ez dago "argi" non grabatuko den pelikula.  "Soraluzen grabatzeko asmoak aurrera egiten badu, jarriko gara herriarekin harremanetan", esan dute.

Joan den asteko osoko bilkuraren amaieran iragarri zuen alkateak Soraluzen beste pelikula bat grabatzeko baimena eskatu zutela. Grabazioen gaineko xehetasun guztien berri emateko, gaur, eguaztena, pelikularen produktorak bilera irekia egingo zuela ere jakinarazi zuen.

Azken momentuan, ordea, bertan behera geratu da bilera. Produktoratik esplikatu dutenez, pelikula hemen inguruan grabatzeko asmoa dute, baina oraindik ez dute erabaki non. "Pelikula Soraluzen grabatzeko asmoak aurrera egiten badu, jarriko gara herriarekin harremanetan", gaineratu dute.