KULTURALDIA

Ikuskizun flamenkoa zapatuan, Juan Navas boskotearen eskutik

Egoitz Unamuno 2020ko uzt. 8a, 08:00

Ordubete pasatxoko ikuskizun flamenkoa da Juan Navas boskoteak zapatu arratsaldean (19:30) antzokian eskainiko duena; musika, kantua eta dantza uztartzen ditu. Tartean, euskaraz kantatutako saeta bat ere interpretatuko dute. Sarrerak (85) salgai daude Iratxon eta udaletxean, 5 euroko prezioan. Oharra: Plaentxia.eus-ek emanaldia zuzenean eskainiko du streaming bitartez. 

Juan Navas Bilbon jaioa da 1975ean, eta “Kantaorea” da. Duela hamar bat urte hasi zen jendaurrean abesten eta bere helburu nagusia da “flamenkoaz gozatzea eta lurralde honetako jendearengana hurbiltzea”. 

Navasek aitortzen du askotan galdetu diotela bilbotarra izanik nolatan bihurtu den flamenko kantari; berak halakoetan Enrique Morenteren esaldi bat baliatzen du galdera horri erantzuteko: "Nondik datorren jakin gabe etorri da".  Hala ere, aitortzen du flamenkoarekiko zaletasunare parte bat familiatik datorkiola: “Flamenko musika beti izan dut lagun. Hegoaldetik (Cordovatik) emigratu behar izan zuen nire familiari zor diot”.   

Flamenkoarekiko grina horrek bide askotatik ibilarazi du bilbotarra: errezitaldi eta jaialdietan parte hartzen hasi zen eta gerora hainbat flamenko taldeko kide ere izan da: ‘Txaleo’, ‘Flamenco Daki’…  Soledad Ruz dantzariaren konpainiako kide ere izan da. 2017an, ‘Reflejos de Andalucia’ bere lehen diskoa kaleratu zuen Beñat Arginzoniz olerkari bilbotarraren olerkiak bertsionatuz. Aurten “abentura flamenko berri bat” aurkeztuko du: ‘Digo vivir’, bere bigarren lan diskografikoa. Bertan, ahotsa jarri die Blas de Otero olerkari bilbotarraren poemei.

Soraluzeko emanaldia

Soraluzeko emanaldian Juan Navas kantaoreak lau taldekide izango ditu alboan: Curro Bermejo (gitarra flamenkoa), Lidia de Lorenzo (dantzaora), Dario Campos (perkusionista) eta Julen Biain (palma jotzailea). Bere bi diskoetako kantuak interpretatuko dituzte musika, kantu eta dantza biltzen dituen ikuskizun flamenkoan. 

Euskarazko saeta 

Urteotan ondu duen kantutegian, euskarazko saeta bat ere badu Navasek, “lehen aldiz, historian”. Letra Beñat Arginzoniz bilbotarrarena da eta droga aipatuz, oroitzen du auzoan (Otxarkoagan) "malamentean hil den jendea".

Erlazionatuak