Txakur-txizen gaineko araudia onartuta

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 7a, 10:50
Udaltzaina txakur batekin.

Udalbatzarrak onartu egin du txakur txizekin lotutako araudia. Haren arabera, txakurren txizek “hiri altzarietan duten eragina gutxitzeko”, txakur-jabeek txizaren gainera ura ozpinarekin bota behar dute. Udalbatzarrak zibismo aldaketari onespena eman ondoren, araudia indarrean sartu da, beraz, hura errespetatu ezean, isuna jaso lezake txakur-jabeak. 

Kaleko zikinkeria gutxitzeko eta sarri egoten den txiza-usain txarra txikitzeko zibismo ordenantzaren aldaketa onartu zuen udalbatzak joan den egueneko osoko bilkuran. Izan ere, zibismo ordenantzan, txakurrek kalean kaka egitea debekatzen zuen; halaber, kaka eginez gero, txakur-jabea gorotzak jasotzera derrigortzen zituen, baina orain arte, txakur-txizekiko jarraibideak arautu barik zeuden. 

Orain, zibismo ordenantzaren aldaketarekin, txakur-txizekin zela jokatu zehaztu da. Haren arabera, txakurrek txiza egiten dutenean, txizaren gainetik ura ozpinarekin bota behar du animaliaren jabeak, txiza horren eragina gutxitzeko. 

Zalantzak

Zibismo ordenantzaren aldaketa EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen. Koalizio abertzaleak esplikatu zuen, oro har, zibismo ordenantzarekiko dituzten zalantza orokorrek eraginda erabaki zutela puntu horretan abstenitzea.