"Gizartearentzat berria eta onuragarria den zerbait" eraiki beharra babestu dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 6a, 15:45

Herritarrak gaurko elkarretaratzean, Plaza Zaharrean..

Gaur, astelehena, pentsioen aldeko elkarretaratzean irakurritako komunikatuan, besteak beste, gizartearentzat “onuragarria izango den zerbait eraikitzeko lema-golpe” beharra dagoela azpimarratu dute. Elkarretaratzearen amaieran, berriz, kezka helarazi dute, COVID-19a dela-eta, herrian pelikula berri bat grabatzeak sor dezakeen mugimenduarengatik.

Gaur eguerdian, 40 bat herritarrek parte hartu dute pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzean; euria zela-eta, Plaza Zaharreko karpapean elkartu dira.

Elkarretaratzea egin bitartean irakurritako komunikatuan, gaurko gizartea aldatu, “kolektibo ahulenak eta arrisku gehien” dutenak defendatu eta “zerbitzu publikoak indartu” beharra dagoela azpimarratu dute. Horrekin batera, “pertsonak erreskatatzeko politika” orokorrak eskatu dituzte.

"Murrizketak, goitik"

Bestalde, uste dute “krisiak behartutako” murrizketak “oraingoan goitik” egin behar direla, “ustelkeria zigortuz” eta “zerga erreforma sakona” eginez. Adibide modura, jakinarazi dute Espainiako estatuan, “urtero 30.000 eurotik gorako iruzurra” egiten dela eta “bankuek 65.000 milioi euro zor” dizkiotela gizarteari.

Bukatzeko, gizarteko “gehiengo sozialarentzat komunak diren aldarrikapen” horiek eta bestelakoak lortzeko modurik eraginkorrena elkarrekin borrokatzea dela pentsatzen dute.

Filmazioarengatik kezka

Elkarretaratzearen amaieran, besteak beste, laster herrian grabatuko duten pelikula hizpide izan dute. Jakinda filmazioak jende eta material mugimendu handia sortu behar dutela, kezka helarazi dute horrek COVID-19arengatik zaindu beharreko segurtasun neurrietan zela eragin lezakeen. Adibidez, etorriko den jendea ez dagoela gaixorik ziurtatu nahiko lukete.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.