Zapatu iluntzean, kubatarrak jotzen hasi zirenean, zerua urdin-urdin zegoen. Eguzkiak jotzen zuen oraindik baina frontoiaren erdia itzalean zegoen jada. Eguraldi paregabea egiten zuen kanpoko musika emanaldiaz gozatzeko, eta dudarik barik, horrek asko lagundu zuen garai berriotara egokituta zegoen emanaldia goxatzen.
Havana 537 taldekoek gogotsu ekin zioten kontzertuari, animo eta maitasun mezu artean, kubatarrek ohiko duten kantu eta dantzarako berotasun berezi horrekin. Hasieran, aurrean ikusle gutxi baldin bazuten ere, tantaka-tantaka ikusleak iritsi ziren eta 20:00etarako plaza itxuratua zegoen kopuruz, eta berotua ere bai aldartez, "Viva Cuba!" eta dantza saiotxo eta guzti.
Azkenean, emanaldi gozoa eta beroa izan zen zapatukoa, konfinamendu osteko garaiotan musikak on asko egin dezakeenaren erakusgarri.
Kulturaldiaren egitarauaren barruan, hurrengo emanaldi nagusia datorren zapatuan Juan Navas boskoteak eskainiko duen flamenko ikuskizuna izango da. Emanaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da antzokian eta sarrerak (85) dagoeneko eskuragarri daude Iratxon eta udaletxean, 5 eurotan.