Soraluzeko Ars Galeriak gonbidatuta etorri da Ion Sobera argazkilaria Soraluzera, Bilboko, Gasteizko, Frantziako eta Alemaniako hainbat eraikin industrial abandonatutan ateratako zortzi argazkirekin. Argazkilariak argazki horien estetika “ederra” baliatu nahi du herritarrak gonbidatzeko ondare industrialak duen balio historiko eta arkitektonikoaren inguruan hausnarketa egitera.
SAPAko eraikinen balioa
Aurkezpenean, Alberto Ramirez Ars Galeriako arduradunak azaldu zuen erakusketa Soraluzera ekarri izanaren motibazioa zein izan den: "Argazkilariak SAPAko eraikina ezagutu zuenean faszinatuta gelditu zen. Hain dira espazio handiak... Abandonatuta daude baina eraikin horiek dira Plazentziak 500 urtez izan duen armagintzaren azken arrastoa eta bertan daude oraindik ere armagintzaren industriaren erakusgarri diren ehunka pieza. Horietatik abiatuta sortu behar genuke eramuin bat, gure baliabideen neurrikoa, herri honen historia ezagutarazi eta gordeko duena. Arrasto hori ezin desagertzen laga. Gainontzean, hiltzen ari den herri hau pixkat gehiago hilko da. Horregatik gonbidatu nuen Ion, erakusketaren bitartez gogoeta eragin eta utopikoen talde bat sortzeko, elkarrekin borroka egiteko hor proiektu bat garatu dadin. Politikariei dagokie baliabideak kudeatu eta proiektuak garatzea".