Beste filmazio bat Soraluzen: 'Erase una vez...Euskadi'

Ubane Madera Zangitu 2020ko uzt. 3a, 08:19
'Erase una vez… Euskadi'.

"Beste pelikula bat grabatzera datoz Soraluzera". Halaxe jakinarazi zuen Iker Aldazabal alkateak atzoko -eguena- osoko bilkuraren amaieran. Alkateak esan zuenez, La Canica Films ekoiztetxeak baimena eskatu du Manu Gomez zuzendari arrasatearraren Erase una vez... Euskadi pelikularen eszenak herrian grabatzeko eta baiezkoa eman diote. Baiezko hori, ordea, ez da denen gustukoa izan. EH Bildu oposizioko koalizioaren esanetan, "baietza eman aurretik herriari esplikatu behar zaio zein terminotan etorriko diren". 

Datorren eguaztenean, hilaren 8an, emango dute herrian grabatuko duten pelikula berriaren nondik norakoen berri, 19:00etan antzokian egingo duten batzar irekian. Dena den, LaCanica films produktorak aurreratu duenez, bere nahia da abuztuaren 24an hastea grabatzen eta aurreikuspenen arabera, filmazioak zortzi aste iraungo ditu. Edozein modutan, Iker Aldazabal alkateak esan zuen oraindik ez dutela grabazioen plangintzarik jaso. 

Langileak, lokalak…

Hori bai, alkateak aurreratu zuen udaletxean aurkeztutako informazioaren arabera, filmaziorako hainbat lokal beharko dituztela: etxebizitzak, fabrikak hutsak... langileak ere bai: sukaldatzeko, garbitzeko, erizain lanetarako… Eta noski espazio publikoa ere erabiliko dute. "Ea diru horrekin asfaltatzeko falta dena asfaltatzerik badugun", gaineratu zuen.

Baiezko "prezipitatua"

Oposizioko EH Bilduko bozeramale Unai Larreategik, berriz, adierazi zuen “harrituta” daudela filmazio berriari baiezkoa eman zaiolako; “prezipitatua” iruditzen zaio, “plana zein den jakin gabe, herrian zein eragin izango duen eta egingo duen inpaktua zein izango den jakin gabe” baiezkoa ematea. Larreategiren ustez, halako zerbaiti onespena eman baino lehen, “herriari esplikatu egin behar zaio ze terminotan etorriko diren”.

Iker Aldazabal alkateak erantzun zion, besteak beste, atzo, osoko bilkuraren grabazioaren berri eman aurretik, informazioa alderdi politiko guztiei helarazi zietela: “Inork ez zuen eragozpenik ipini orduan, esan zenuten ez zenutela eragozpenik ipiniko”. 

Maite Quintanilla zinegotzi bilkideak, berriz, erantzun zuen alkateak grabazioaren berri eman zuela “gauza ederra balitz moduan". "Igual ez da denontzat ona”, gaineratu zuen.

Eta besteak beste, ikusleen artean zegoen Lorea de Castro EH Bilduko zinegotzi ohiak galdegin zuen orain koronabirusaren eraginez espazioa mugatuagoa dagoenean, halako grabazio batekin ea non sartuko diren herritarrak.  

80ko hamarkadako Euskadi

LaCanica films produktorearen eskutik dator Erase una vez... Euskadi pelikula, RTVEk diruz lagunduta eta EiTBren partaidetzarekin. Istorioa 1985eko udan dago kokatuta eta lau mutiko ditu protagonista; “andaluziarren semeak dira, sekula ulertuko ez dutenak zerk egiten dituen horren desberdin, ikusezin bihurtzeraino, asaldatutako Euskadi zahar eta borrokalari batean”. Halaxe kontatzen du ekoiztetxeak helarazi duen pelikularen gaineko sinopsiak.

Manu Gomez arrasatearra da film luzearen zuzendaria eta hark ondorengo eran laburbildu ditu pelikularen nondik norakoak: “Arrasaten jaio eta bizi izan nintzen 1973an; granadar etorkinen semea naiz eta gerra zibila galdu zuten haien loba. Erase una vez... Euskadin ihes egin behar izan zutenei buruz egiten da berba, geratu zirenei buruz, eta batez ere, 80ko hamarkadako Euskadin, integrazioaren eta elkarbizitzaren normalizazioarengatik borrokatuz, elkarbizitzen ikasi zutenei buruz”.

Aktoreak

Aktoreei dagokienez, Yon Gonzalez bergararrak beteko du protagonistetako baten papera. Gainontzean, honakoak dira aktoreak: Pilar Gomez, Luis Callejo, Marian Alvarez, Rafa Martin, Ruth Diaz, Aron Piper, Fernando Soto, Vicente Romero, Maria Isasi eta Maria Alfonsa Rosso. Mutiko protagonistak, berriz, izango dira Asier Flores, Aitor Calderon, Miguel Rivera eta Hugo Garcia.

Filmaren produktora madrildarra da: Beatriz Bodegasen La CanicaFilms. 2010ean sortu zuten eta ondorengo pelikulak ekoitzi ditu: ¿A quién te llevarías a una isla desierta? Animales sin collar; Tarde para la ira; La Vida Inesperada; Mi panadería en Brooklyn; Matar el tiempo eta DiDi Hollywood.