Pentsioen alde, hauteskundeei begira

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 30a, 12:05
Atzo, astelehena, pentsioen aldeko elkarretaratzea.

Atzo, astelehena, pentsio publiko duinen aldeko elkarretaratzea egin zuten. Uztailaren 12ko hauteskundeen ondoren eratuko den gobernuarendako mezuak irakurri zituzten elkarretaratzean. Laburbilduz, lau eskaera egin dizkiete Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu diren alderdiei: osasun sare publikoarekin lotuta; pentsioekin lotuta; Gizarte Segurantzarekin lotuta eta lan-erreformak indargabetzearekin lotuta.

“Hobekuntza txiki batzuk lortu ditugu, baina gure aldarrikapen gehienak gauzatzeke daude oraindik, gobernuek betetzen ez dituzten hauteskunde-prozesuetan egindako promesek jarraitzen duten bezala”. Hori esan ondoren, atzo, astelehena, Plaza Berrian elkarretaratzea egin zuten herritarrek lau eskaera egin zizkieten hauteskundeetara aurkezten diren alderdiei.

Eskaerak

Osasun sare publikoarekin lotuta, eskatu zuten COVID-19aren pandemian “gertatutako guztiari buruzko informazio egiazkoa eta argia” emateko; “mendekotasunari arreta emateko zerbitzu soziosanitarioen sare publiko eta unibertsala garatu dezatela”; osasun publikoko inbertsioa handitu dezatela “BPGren (Barne Produktu Gordina) proportzioan”; “lehengoratu” ditzatela “murrizketak eta zerbitzuen pribatizazioa”, eta oro har, osasun sistema publikoko langileen lan-baldintzak “hobetzea”.

Pentsioekin lotuta, berriz, eskatu zuten 1.080 euroko gutxieneko pentsioa; pentsioen KPIren araberako igoera; genero arrakalarekin bukatzea; %100eko alarguntza pentsioak eta 40 urte kotizatuta dituzten erretiro aurreratuak ez zigortzea.

Gizarte Segurantzari dagokionez, eskatu zuten “1.200 euroko LGSa” (Lanbideen Gutxieneko Soldata) “kalitate duintasunez, ordaindutako enpleguak, batez ere gazteei eta emakumeek” begira eta, oro har, “Gizarte Segurantzaren sistema publikoa bermatzea”.

Azkenik, adierazi zuten “enplegua eta soldatak hobetzeko” ezinbestekoa dela “2010eko eta 2012ko lan-erreforma berehala indargabetzea, baita 2011ko eta 2013ko pentsio-erreformen alderdi atzerakoiak ere”. 

"Zerga-erreforma sakona"

Hori guztia egiteko, “zerga-erreforma sakona” egitea ezinbesteko ikusten dute EAEko eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduek: “Kapital-errenten, ezkutuko ekonomiaren, zerga-paradisuen eta enpresa iruzurraren pribilegioekin amaitu behar da; diru-sarreren eta aberastasunaren araberako zerga-sistema progresiboa ezarri behar da eta kapitalaren espekulazio-mugimenduei zergak jarri behar zaizkie”. 

Bukatzeko, iragarri zuten EAEko eta Nafarroako pentsiodunen mugimenduek mobilizazioak egiten segituko dutela.