Udalekuen gaineko batzarra

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 29a, 10:33

Iazko udalekuen hasiera.

Etzi, eguaztena, udalekuetan parte hartuko duten umeen gurasoendako batzarra deitu dute, 18:00etan Herriko Antzokian. Uztailaren 6tik 17ra bitartean gauzatuko dira udaleku irekiak. 74 neska-mutikok eta 9 hezitzailek parte hartuko dute.

6-12 urte bitarteko 74 umek eman du izena aurtengo udalekuetarako. 9 hezitzaile arduratuko dira bi aste horietan umeen aisialdi jarduerez, 10:00etatik 13:00ak bitartean, eta bi egunez, 17:00ak arte ibiliko dira.

Baldintza bereziak

Ezohikoak izango dira aurtengo udalekuak, COVID-19ak baldintzatutakoak. Hori horrela, aire libreko planak lehenetsiko dituzte hezitzaileek, umeak askeago ibili daitezen. Hori bai, ez dute herritik kanpora irteerarik egingo eta jolasak egokitu egingo dituzte, segurtasun neurriak betetzeko. Horrekin batera, besteak beste, umeak hamar laguneko taldeetan antolatuko dituzte, taldeen arteko kontaktua eragotziz. 

Etzi, horren guztiaren gaineko azalpenak eta udalekuen gaineko xehetasunak helaraziko dizkiete udalekuetan parte hartuko duten umeen gurasoei. Kukumixo elkarteak, aire libreko udalekuez arduratzen den elkarteak deitu du batzarra, 18:00etan, Herriko Antzokian. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.