Ur-txorroak ipiniko dituzte futbol-zelaian

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 29a, 11:33
Ezoziko futbol-zelaian mangeratik ura botatzen.

Datozen egunotan, ur-txorroak ipiniko dituzte Ezoziko futbol-zelaian, herritarrek urarekin jolas dezaten edo freskatu daitezen. "Materiala eskatuta dago, hura iritsi bezain laster instalatuko dugu", esan du alkateak. 700 euro inguruko inbertsioa egingo dute. Fogasler iturgintza enpresak egingo ditu lanak.

Ezoziko futbol-zelaian, zaharberritu duten sare inguruan egingo dute ur-txorroendako instalazioa, futbol-zelaiko taberna alderako esparrura ura bota eta bertan urarekin jolasteko edo freskatzeko aukera emanez, herritarrendako sortuko duten aisialdi-gune berrian; futbol zelaia ureztatzeko orain dagoen mangera ere erabiliko dute horretarako.  

Horrez gain, Iribe baserri aldera dagoen futbol-zelaiko gunean eguzkia hartzeko aukera izango dute herritarrek.

Arratsaldez

Zerbitzua abiarazteko, arratsaldez zabalduko dute aisialdirako gune berria. "Behin hura erabiltzen hasi eta zelan funtzionatzen duen ikusten dugunean, egutegia eta ordutegia zehaztuko ditugu. Astebeteko probaldia ezarriko dugu zelan funtzionatzen duen ikusteko", azaldu du Iker Aldazabal alkateak.

COVID-19aren bueltan ezarritako segurtasun neurriei dagokienez, berriz, "espazioa mugatuta" egongo dela jakinarazi du Aldazabalek, "distantziak zaintzeko, babes neurriak errespetatuz". 

Baliteke errepikatzea

Ezoziko futbol-zelaian aisialdi-gune berria egokitzea herritar batek egindako proposamen batetik dator: "Proposamena aztertu genuen, Kirol Batzordean ere eman genuen haren berri, egitea posible zela ikusi genuen eta aurten egiten ahaleginduko ginela erabaki genuen. Hartara, herritarrendako beste aisialdi gune bat egokituko da herrian. Dena ondo irteten bada, instalazioa eginda dagoenez, baliteke datorren urtean ere berriro erabiltzea", adierazi du Aldazabalek.