Bariku arratsaldean, ibiltarien sarean parte hartuko duen soraluzetar talde batek agerraldia egin zuen bidegorrian, eta ondoren, Iraultz Arluziaga Soraluzeko Sareko kideak ekimenaren nondik norakoak azaldu zituen Plaza Berrian, hilabeteko azken barikuetako elkarretaratzea egitearekin batera.
3 milioi kilometro
"Konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen alde gauden guztiok ibiltari sare handi bat sortzea da Izan bidea dinamikaren helburua". Eta horretarako helburu bat zehaztu dute: 3.127.326 km egitea, Euskal Herriak duen biztanle kopurua, hain zuzen ere. Asmoa da bidea egitea: "Etxerako bidea, elkarbizitzarako bidea, bakerako bidea". Eta "historia egitera" animatu dituzte herritarrak: "Behin betiko erabateko bakea lortzera".
Dinamikan, "bakearen eta bizikidetzaren bidea" egin nahi duen edonork parte hartu ahal izango du. Horretarako telefono mugikorrerako garatu duten Izan bidea aplikazioa jeitsi eta bertan izena eman behar da. Norbanakoek edo taldeek parte hartu ahal izango dute eta aplikazioak kilometro horiek neurtuko ditu, dela paseoan, korrika eginez, bizikletan, dantzan edota beste edozein jarduera egiten den bitartean. Eguneko edozein jarduera eta momentu baliatu ahal izango da kilometroak kontabilizatzeko.
Dagoeneko soraluzetar talde batek bat egin du dinamikarekin, kilometroak kontabilizatzeko aplikazioa mugikorrera jeitsita.