Ekaina | Efemerideak IV

Sorapedia 2020ko eka. 28a, 09:05
Erregetxe berria, goitik ikusita.

Elosua-Plazentzia megalito multzoa Sailkatutako Kultura Ondasun izendatu zutenekoa, Turkua karreteruari buruzkoa, Erregetxe berria bukatu zutenekoa, eta 1834ko ekainaren 30ean uholde izugarria gertatu zenekoa dakartza gogora ekaineko efemerideen azken kapituluak, betiko moduan, Sorapediaren eskutik.

Ekainak 23 

Aurreko egunetan egurra eta bestelako erregaiak biltzen zituzten mutil taldeek, auzoka. Gero, San Juan bezperako ilunabarrean suak pizten ziren. Betidanik Gabolatseko suak, irlan egiten zutenak, ospe handia izan du. Baserrietan ere sua egiten zuten, bakoitzak berea. 
Gaur egun Udate jaiak, egun berean ospatzen denak, ordezkatu du. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Ekainak 24 

Eusko Jaurlaritzak ekainaren 24ean ateratako 137/2003 Dekretu bidez Elosua-Plazentzia megalito multzoa Sailkatutako Kultur Ondasun izendatu zuten, Monumentu multzo kategoriarekin. 
Zerrendan Agerreburu, Aizpuruko Zabala, Frantsesbaso, Atxolin, Atxolin Txiki, Azkoin, Kurutzebakaar, Iruia, Pagobedeinkatu, Naasiko Goena, Irukurutzeta, Keixetako Egiya (hegoaldea), Maurketa, Gizaburua eta Atxolin Txiki II zista daude. 
Ordutik, megalito bakoitzari kartel bana jarri zioten, bere ezaugarriekin. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen


Ekainak 25 

1912ko ekainak 24an herriko ehiztari batzuk Asociación Venatoria izeneko elkartea sortu zuten. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen


 
Ekainak 25 

1887 urtean Eskoriatzan jaio zen Antonio Plazaola Mujika, Turkua goitizenez. 
Pertsonaia ospetsua izan zen Soraluzen, eta Eibarren ere. Ospe horren lagun izan ziren, alde batetik, bi herrien artean egiten zuen lana: karreterua; eta bestetik, umeei bere izena aipatze hutsak sortzen zuen ikara eta beti laguntzeko prest egoteko izaera. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen
 
Ekainak 25 

1932ko ekainak 25ean La Protectora sorospen-elkartearen araudia onartu zuten. Egoitza Udaletxean omen zuen, lehen solairuan. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen


 
Ekainak 25 

1937ko ekainak 25ean frankistek Comisión Militar de Incorporación y Movilización Industrial delakoaren lehendakaria izendatu zuten Alejandro de Calonje. 

Aurreko postua zen... baina, aldi berean, José Antonio Suances Industria eta Komertzio ministroa izendatu zuten, eta 1941tik aurrera INIren (Industria Istitutu Nazionala) lehendakaria ere. 
Aurretik ere biok ez ziren ondo konpontzen eta, haizea kontra zuela, Alejandro de Calonjek La Navalen zituen karguak utzi zituen, baina SAPAren zuzendaritza mantendu zuen hil arte. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen


 
Ekainak 25 

1951ko ekainak 25ean Ascensio Gurrutxaga (Don Ascensio) abade ordenatu zuen Donostiako apezpikuak, Jaime Font y Andreuk, beste hogeitabat lagunekin. Hauen ertean Jose Maria Setién zegoen, geroago Donostiako apezpikua izango zena. 

Don Ascensio Nuarben jaio zen (1918). Musikazaletasunaz eta jotzeko trebetasunaz nabarmendu zen apaiztegian. 1951 urtean Soraluzera etorri zen; bertako koadjutore, organista eta Santa Ana komentuko mojen kapilaua izan zen. 
Donostian hil zen, 2001 urtean, eta Soraluzeko kanposantuko kaperan hilobiratu zuten. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen
 
Ekainak 25 

1776 urtean Gipuzkoako korregidorearen gutuna etorri zen, ardoaren eta mistelaren zerga berriei buruzkoa. 
Zerga hauek errepide berria eraikitzeko erabiliko ziren, Soraluzeko Erret Lantegiek zein Soraluze, Bergara, Eibar eta Elgoibarreko udalek eskatutakoa. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen

 
Ekainak 27 

1964ko ekainak 27an Ignacio Legarizaristi Zabala hil zen, Aingeruguarda mendian.
Bere omenez, tontorrean bertan hilarria jarri zuten. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen

Ekainak 30 

Ekainaren 30an San Martzial eguna. Sasoi batean osteko domekan erromeria izaten zen bertan. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen) 

 
Ekainak 30 

1809 urtean bukatu zen Erregetxe berria, eta ekainak 30an José Bernardo de Aldasoro alkateak garaiko erregeari, Jose I Bonaparteri, eraikina eskaini zion. 

Errege hau benetakoa ez zela eta, 1900 urte inguruan Espainiako Estatuak auzia jarri zion Soraluzeko Udalari, Erregetxea eskuratzeko. 
Hainbat epai ostean, azkeneak Soraluzeko Udalak Auzitegi Gorenean irabazi zuen epaia. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen


 
Ekainak 30 

1834ko ekainak 30ean uholde izugarria gertatu zen Soraluzen eta inguruan, agian izandako gogorrena. Santa Ana kaleko plaka batek uren maila markatzen du: ibaia gutxi gora behera 8-10 bat metro hazi zen gertakizun hartan.

Egun hartan Soraluzen ez zen inor hil, baina kalteak ugari izan ziren. Urak 15 bat etxe, dozena erdi ola, arraindegia, San Salvador ermita, ogi-errotak, erret probaderoa, presa berria, zubi nagusiaren bi arku... eraman zituen. Honetaz gain hainbat eraikin ondo kaltetuta geratu ziren: 40 bat etxe, erregetxe zaharra, Santa Ana komentua... Orokorrean, armagileen lanabes guztiak eta lantegiak apurtuta eta eruanda; miseria gorrian geratu dira, beren egoera eta lantegiak berreraikitzeko baliabide faltagatik errukari, askori jantzitako arropa besterik geratu ez zaiola. Udalak zerga bereziak ezarri zituen berreraikuntzarekin hasteko, baina orduan Rodil jeneral liberala sartu zen herrian, eta bildutako dirua eraman zuen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen


 
Ekainak 30 

1921ko ekainak 30an Telesforo de Aranzadi, Jose Migel de Barandiarán eta Enrique de Eguren Elosuara heldu ziren, hurrengo egunetan Elosua-Plazentzia mendizerrako trikuharriak miatzeko asmoarekin, Carlos Orueta jaunaren laguntzaz. 


Francisco de Zaloñak, Elosuako parrokoak, etxean hartu zituen. Biharamuna, uztailak lehena, prestaketetan eman eta gero, kontratatutako langileek, denak Soraluzekoak, uztailak 2an Irukurutzetara igo ziren. Lanak uztailak 9a arte luzatu ziren. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen