"Osasun publikoaren eta kalitatezkoaren" alde

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 26a, 13:34

Anbulatorioko langileak plazan, protesta egiten, gaur goizean.

Soraluzeko anbulatorioko langile guztiek bat egin dute “osasun publikoaren eta kalitatezkoaren” aldeko protesta deialdiarekin, anbulatorioaren kanpoko aldean elkarretaratzea eginez. Laburbilduz, Eusko Jaurlaritzari “exijitu” diote “urgentziaz eta atzerapen gehiago barik, osasun arloarekin lotutako politika publikoak errotik” alda ditzala. 

SATSE, ELA, LAB, SME, CCOO, UGT eta ESK sindikatuek egindako deialdiarekin bat eginez, gaur goizean, Eusko Jaurlaritzari zuzendutako salaketak eta eskaerak egin dituzte hainbat osasun profesionalek, tartean Soraluzeko anbulatoriokoek.

"Osasun publikoa ahuldu"

Hasteko, salatu dute “Eusko Jaurlaritzaren murrizketek ahuldu” egin dutela osasun publikoa. Azpimarratu dute koronabirusaren krisiak agerian laga duela “osasun publikoaren garrantzia, ongizate kolektiborako eta bizitza seguru kolektiborako”; diote berau “indartu” beharra dagoela “guztion ongizatea” garatu eta bermatzeko.

Horrekin batera, salatu dute, azken urteotan, “osasuna negozio-bide” bilakatu dela, horren ondorioz, “ahuldu” egin dela zerbitzua eta hori argi ikusi dela oraingo “osasun krisiari” aurre egiteko orduan.

Zentzu horretan, azpimarratu dute “lantaldearen ahaleginari” esker egin zaiela aurre “gure osasun sistemaren gabeziei” eta baita “lantaldeak egoera guztiz ezohikoan" egin duela lan, hiru baldintzarekin:

  • Lan-karga onartezinekin.
  • Babes ekipo gabezia ikaragarriekin.
  • Langile gutxiegiz osatutako lantaldeekin. 

Gaineratu dute Osakidetzak ez diela “ez formaziorik eman eta ez die, ezta ere, krisi honi aurre egiteko besteko mediorik” eman.

Lantaldea "ahituta"

Diotenez, egoera horren ondorioz, “lantaldea, fisikoki zein emozionalki ahituta” dago. Esandakoa babesteko, honako datuak eman dituzte: “osasun profesional bat hil egin zen; 2.000 kutsatutik gora izan dira, babes neurri faltarengatik; Osakidetzako langileen %18 kutsatu egin dira, hainbat ESItan baita %20a ere”. 

Oro har, uste dute “hazkunde garaietan” Jaurlaritzak “aurrekontu-partida eskasak” bideratzen dituela Europako batezbestekoarekin alderatuta. Eta horren ondorioz honako egoerak ematen ari direla:

  • “Enplegu galera”, “egiturazko lantalde oso txikia”; oporretan, erretiroak izaten direnean edo bestelakoetan “ordezkapenik eza”.
  • Kontratazioan “gehiegikeriak”. “Lantaldearen %40 behin-behinekoa da”.
  • “Lan-eskubideetan murrizketak”.
  • Lan-karga “onartezinak”.

Eskaerak

Hori guztia salatu ondoren, Eusko Jaurlaritzari “exijitu” diote “urgentziaz eta atzerapen gehiago barik, osasun arloarekin lotutako politika publikoak errotik” alda ditzala; eta ondorengo neurriak hartzeko eskatu diote:

  • Europaren pareko “aurrekontu partida” osasun publikoarentzat.
  • Lanpostuei dagokienez:
  • Lantaldea handitzea.
  • Murrizketa guztiak berraztertzea.
  • Pribatizatutako zerbitzuak berreskuratzea.
  • Lantaldearen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak bideratzea.  
     

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.