Eskolako patiorako eskailera konpontzeko eta Errekaldeko etxea botatzeko eskaintzak

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 26a, 10:35

Atzo, eguena, herrian egingo diren bi obrarekin lotutako plika ireki ziztuzten udaletxean. Bestela esanda, eskolako patiorako eskailera konpontzeko zein Errekaldeko etxea botatzeko obra-lehiaketetara aurkeztu diren enpresen eskaintzak zabaldu zituzten. Obra bakoitzerako bosna enpresak aurkeztu dute eskaintza. Datozen egunotan egingo dute obren adjudikazioa.

Atzo, eguena, lehiaketara aterata dauden bi obrarekin lotuta jasotako eskaintzen plika irekiera egin zuten udaletxean. Bi obren kasuetan, bosna enpresak aurkeztu dituzte eskaintzak. Orain, haiek aztertu, Hirigintza batzordean haien berri eman eta datozen egunotan lanak adjudikatuko dituzte. 

Batetik, Plaentxi Herri Ikastetxeko patiorako eskailera zaharberritu egingo du Udalak. Obra horren aurrekontua da 86.648 euro. Berau egin ahal izateko, 41.000 euroko dirulaguntza eskuratu du Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailetik.

Bestetik, Errekalde 10eko etxea bota egingo du Udalak. Egoera kaskarrean dago, eta segurtasuna bermatzeko eraitsi egingo dute etxea. Kasu horretan, aurreikusitako kostua da 60.000 euro.