Elkarrekin “meditatu, arnastu eta guztiarekin konektatzeko” gonbita

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 25a, 16:42

Zapatuan, elkarrekin “arnastu, meditatu, guztiarekin konektatu eta bainua hartzeko…  hotzarekin kontaktuan jartzeko”, gonbita egin dute. Zapaturo joaten da talde bat Sagar-Errekako putzura zeregin horretara. Gaur, eguena, Sagar-Errekako putzu ingurua txukundu du Andoni Callesek sasi-garbitzeko makinarekin, larunbateroko hitzorduari begira.

Sasi-garbitzeko makina hartu eta gaur goizean, Sagar-Errekako putzu ingurua txukundu egin du Andoni Callesek, sasi eta belar-txar guztiak moztuz, auzolanean. Zapatuetan Wim Hof metodokoa praktikatzera bertaratzen den taldeari begira txukundu du gunea. 

Garbiketa lanean zebilela, bestelako bisitari batzuek lagatako latak aurkitu ditu bazterrean botata. Hori horrela, Callesek eskatu nahi du norbere zikinak norbere etxera eramateko. 

Zapatuko hitzorduari dagokionez, bertan parte hartzeko ateak zabalik dituztela azpimarratu eta joan nahi duten guztiak gonbidatu ditu Callesek.

Segidan Andoni Callesek helarazi nahi duen mezua:

Zure esentziarekin konektatu

"Lurra gara, daukagun gorputz fisikoarengatik. Airea gara, arnasten dugun airearengatik. Ura gara, gure zainetan daramagun odolarengatik. Sua gara, espiritua ere garelako… argia garelako.

Urak mimatu egiten nau, besarkatu, bizia eman, sostengatu egiten nau eta, aldi berean, nire sistema inmunologikoa indartzen du. 

Nire buruarekin hemen eta orain egotea lortzen du; nire izatearekin konektatuz, nire esentziarekin,nire arimarekin, unibertsoarekin.

Urteak pasatu ahala ama lurretik deskonektatzen joan gara, berarekin geroz eta lotura txikiagoa izaten joan garelarik. Goxotasun burbuilatxo batean bizi gara eta horrek ahuldu egiten gaitu, errazago gaixotuz.

Larunbatero, Aita Domingo Putzura joaten garen pertsona talde bat gara. Bertan arnastu, meditatu, guztiarekin konektatu, eta bainua ere hartzen dugu... hau da, hotzarekin kontaktuan jartzen gara.

Urtaro guztietan egiten dugu. Udaberrian, udazkenean, udan eta baita neguan ere.

15 minutuan alkalinizatzen gaituzten arnasketa batzuk egiten ditugu, berehala gure odolaren PHa igotzen delarik. Horrekin gure sistema immunologikoa indartzea lortzen dugu, gaixotasunetara immuneago bihurtuz.

Hotzak gure blokeo eta beldurrak sendatzen laguntzen digu. Baita heriotzari beldurra ere.
Zorte handia dudala segitzen dut pentsatzen, guzti horretaz disfrutatzeko gaitasuna dudalako, beste kontzientzia puntu batetik, noski, edo beste ikuspuntu batetik.

Zuen goxotasun gunetik irtetea nahi baduzue, alkalinizatu, zuen sistema immunologikoa indartu eta Naturarekin, Ama Lurrarekin konexio handiagoa izan nahi baduzue, Sagar-Errekan dagoen Aita Domingo putzura gonbidatzen zaituztegu.

Kontaktua: 639 63 22 08 (Andoni Calles)".

 

Argazkiak: Andoni Calles.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.