Ikasturtea barikuan bukatu arren, Plaentxi Herri Eskolako irakasleek lanean segituko dute ekainaren 30era arte, martitzena.
Besteak beste, astelehenean, ekainaren 29an, datorren ikasturtean 2 urtekoen gelan hasiko diren umeen gurasoekin batzarra egingo dute, 18:00etan. Eskolan bertan da hitzordua, beraz, maskara erabili beharko dute eta bestelako segurtasun neurriak bete.
Horrez gain, jakinarazi dute ikasle guztiek ez dutela jaso eskolan lagata zuten materiala. Hori horrela, adierazi dute zerbait jasotzeko daukana eskolara bertara daitekeela datozen egunotan, 15:00ak baino lehen.
Datorren ikasturteari dagokionez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburu Cristina Uriartek jakinaraz du datorren ikasturterako hiru jokaleku aurreikusten dituztela: presentziala bata; eskola presentzialekin baina murrizketekin bestea; eta Internet bidezko eskolekin azkena. Halaber, espero dute aurrez aurreko eskolei eutsi ahal izatea, baina gaineratu du “azken ordura arte” ezin izango dutela ezer aurreratu.
Protokoloa
Gaur, berriz, “koronabirusaren aurrean zer-nola jarduteko protokolo orokorra” aurkeztu du Hezkuntza Sailak, datorren ikasturte horri begira. Bertan esaten dutenez, “ikastetxe bakoitzak, Protokolo Orokorrean ezarritako jarraibideei eta osasun-agintaritzak unean-unean eman ditzakeen aholkuei jarraikiz, egokitu egin beharko du bere jarduera”.
Besteak beste, bertan diote Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetan “bizikidetza-talde egonkorraren barruan”, maskara erabiltzea ez dela derrigorrezkoa izango. Eta LH 3. mailatik aurrera, “1,5 metroko distantzia lagunen artean bermatzea ezinezkoa den guztietan”, maskara erabili beharko dela. Hori bai, hura “ez da beharrezkoa izango nor bere mahaian eserita badaude, eta pertsonen artean 1,5 metroko distantzia badago, gutxienez”.
Protokolo horren arabera, “haur edo irakasleren batek Covid-19n positibo emanez gero, kontaktutzat hartuko da gainerako ikasgela edo taldea, haurrak zaintzeko edo hezteko ingurunean,eta etxeko berrogeialdia egin beharko du 14 egunez, azken kontaktua izan den egunetik zenbatzen hasita”.
Protokolo osoa hemen klikatuta irakurgai.