Ekaina | Efemerideak III

Sorapedia 2020ko eka. 21a, 09:05

Salonazpi baserria.

1929ko ekainaren 19ean Oleako presa bukatu zuten; 1730eko ekainean, berriz, hiltegi zaharra hasi ziren eraikitzen eta 1775ko ekainaren 20an, desgrazia handia gertatu zen: goizeko zortzietan, Sologoen inguruko sastrakadian haitz handi bat apurtu zen eta, behera etortzerakoan, etxe bat bota zuen. Halako urteurrenak eta beste jaso ditu Sorapediak, ekainaren hirugarren asteari dagozkionak.

Ekainak 16

1932ko ekainak 9an Guardia Zibilaren buruak Errepublikako bandera eskatu zion Udalari. Honek inguruko udalek egindakoaz enteratu zen: Bergara zein Elgoibarrek ez zuten jaso Guardia Zibilaren eskaerarik; Eibarrek, nahiz eta eskaerarik ez jaso, Guardia Zibilari bandera bidali zion.
Ekainak 16ko saioan Cano zinegotziak bandera erostearen alde agertu zen, inor ez mintzeko. Baina Lascurain jaunak esan zuen Soraluzeko Udalak ez zeukala ez dirurik ezta betebeharrik, eta Guardi Zibilarentzak herrarik ez zutela. Azkenean, Lascurain jaunaren proposamena aho batez onartu zuten. Honetaz gain, alkate jaunak proposatu zuen casa cuartela akokatzeko kontratuan zera jasotzeko, Lascurain jauna jabeak ura doan izango zuela, eta txorrota zein komuna jarriko ziotela. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).


 
Ekainak 19 

1730ko ekainak 19an hiltegi zaharra eraikitzeko lanak hasi ziren. 
Erabakia hilabete bat lehenago onartu zen: herriko plazan, zezendegiak zeuden lekuan, etxe berria egiteko. Bertan zezendegi berriak, harategi berria, harakinarentzako bizilekua eta balkoi luzea egingo zuten, udalgizonek handik zezenak behar bezala ikusteko. 
Hurrengo urteko (1731) urrian hiltegi zaharra bukatua zuten bere balkoi eta guzti. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen). 

Ekainak 19 

Juan Ignacio de Obiaga soraluzetarra 1784ko ekainak 19an hil zen, Liman. 
Lau urte aurretik (1780) 16.000 peso bidali zituen Soraluzera, bi kapelautza sortzeko. Horietako bat, Ikasketa Nagusien kapelautza, oraindik bizirik dago Juan Ignacio Obiaga Fundazioa izenarekin. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).


 
Ekainak 19 

1929ko ekainaren 19ean Oleako presa bukatu zuten, nahi eta emakida hogetamasei urte lehenago lortu (1895 urtean). 
Lortutako indarra bertan erabiltzen zen, Alberdi Hermanos S.A. enpresan. 
Presa oraindik mantentzen da, nahiz eta Oleako zubia eraiki zutenean pare bat metro kendu zioten; ondorioz, presaren ur azalera dezente murriztu zen. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).


 
Ekainak 20 

1761ko ekainak 20an Caracaseko Gipuzkoar Errege Konpainiak, Soraluzeko Erret Lantegien orduko kudeatzeatzaileak, kontratua sinatu zuen zazpi urtetan hainbat arma eta lanabes ekoizteko. 
Alde batetik 100.800 fusil, baioneta eta guzti (urteko 14.400). Gainera, bizpahiru motako karabina eta pistolak, eskatu ahala. Eta gastadoreentzako lanabesak: aizkora handiak, aizkora txikiak, marrakoak, harri-pikatxoiak, aitzur-pikatxoiak, aitzurrak eta palak. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).


 
Ekainak 20 

Aurreko hamabost egunotan euria bota eta bota ari ostean, 1775ko ekainak 20an, goizeko zortziretan, Sologoen inguruko sastrakadian haitz handi bat apurtu zen eta, behera etortzerakoan, etxe bat bota zuen. Atoan hil ziren bertako Maria de Ganuza, 50 urtekoa, eta 12 urteko alaba, Ana Maria; aita, berriz, hondakinen artean bizirik ateratzea lortu zuten. Orduko adituen arabera harria 304.448 libratakoa omen zen. 

Udalak Jose de Arluciaga bizilaguna bidali zuen lubiziaren tokia aztertzera, baina bertara heltzerakoan bigarren lubizi batek harrapatu eta hil egin zuen. Honetaz gain, egun hartan bertan egundoko ufala izan zen, hainbat burdinola eta etxebizitza aurretik eruan zuena. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).


 
Ekainak 20 

1862an La Euscalduna-k bere baliabideak saldu zizkion Zuazubizcar, Isla y Cía enpresari: La Euscalduna lantegia, Igarateko lantegia, Sagarragako barrenoa... 

Zuazubizcar, Isla y Cía enpresa hiru hilabete lehenago (1862/03/04) Madrilen sortu zuten. Pedro de Zuazubizcar eta Manuel Isla jaunen gidaritzapean, bertan zeuden La Euscaldunaren bazkideak: José Ignacio de Ibarra e Iribecampos, José Ramón de Aldasoro y Uribe, Juan de Aldasoro y Uribe... Sozietate komanditarioa zen; hau da, bazkide batzuk dirua jartzen duten, eta besteak (José Ignacio de Ibarra e Iribecampos, kasu honetan) kudeaketarako gaitasuna. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).


 
Ekainak 21 

1951 urtean SAPAri Cañón contra-carro y de campaña de 88/51 asmakizun-patentea. 
Hala ere, prototipoarekin egindako probatan hutsune larriak agertu ziren, konponbide zailekoak. Beraz, proiektua bertan behera laga zuten. Gaur egun prototipoa SAPAko Andoaingo lantegian gordetzen dute. 
(Gehiago jakiteko, sakatu hemen).