Zabaldu dituzte haur-parkeak

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 19a, 15:18
Estazioko parkea zabalik.

Gaur, barikua, herriko haur-parkeen prezintuak kendu dituzte. Eusko Jaurlaritzak gauerdian indargabetu du alarma egoera. Horren ondorioetako bat da haur-parkeetako zabuak erabilgarri daudela gaurtik. Hori bai, parkeetako muga fisikoak kendu badira ere, haiek erabiltzerakoan hainbat segurtasun arau bete behar dira.

Martxoaren 14an itxi zituzten herriko parkeak, alarma egoera ezarri eta berehala. Hiru hilabeteren ondoren, prezintua kendu diete parkeetako ziburu-zaburuei; eguerditik daude zabalik, beraz, jolas daiteke haietan. Baina ez lehengo moduan.

Baldintzak

Besteak beste, lau metro koadroko ume bat ibil daiteke. Pertsonen artean 1.5 metroko distantzia gorde behar da, eta ezin denean, maskara jantzita erabili behar da (6 urtetik gorako umeen kasuan). Horrez gain, Soraluzeko Udalak Debabarreneko Mankomunitatearekin horrela adostuta, goizero ziburu-zabuak desinfektatu egingo dituzte.

Arauok errespetatzeko eskatu du Soraluzeko Udalak, gogora ekarriz norbera dela bere jokabidearen arduradun.