Dolmenen Ibilbidea lau haizetara

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 19a, 09:42

'Turismo Rural' aldizkariaren 163. zenbakiak dakarren erreportajea.

Itsasoaren eta mendiaren artean, Gipuzkoa eta Bizkaia artean dago eta “bisitatzeko mila arrazoi” ditu Debabarrena eskualdeak. “Euskadiko hiru hiriburuetatik ordubete baino gutxiagora dagoen Debabarrena eskualdea da ondoen gorderik dagoen Gipuzkoako sekretua, nahiz eta ahoz aho gero eta ezagunagoa egiten ari izan”. Berba horiekin deskribatu du Turismo Rural aldizkariak bere 163. zenbakian Debabarrenak eskaintzen dituen aukera turistikoak, tartean, Dolmenen Ibilbidea.

Bidaiatzeko “beste modu bat” haizatuz, Turismo Rural aldizkariak “ohikotik” ihes egiten duten bisita-bidaia planen berri ematen du. Haren 163. zenbakiak lau orri eskaini dizkio Debabarrenari. Horietatik bi Dolmenen Ibilbideari. 

Dolmenen Ibilbidea

Espainiako aldizkari horrek dioenez, “historiari eta abenturari buruzko pelikularik onena ez da zinemetan proiektatzen ari, baizik eta Deba eta Urola ibaien arteko bailaretan dagoen antzinako pasabide batean”. Kontakizuna hortik abiatu eta bi orritan Dolmenen Ibilbidean zehar darama bisitaria. Ibilbidearen ezaugarriak, bertako monumentuak eta Joxe Migel Barandiaranek eta Jesus Tapiak egindako lana deskribatzen ditu, besteak beste. 

Soraluzeko Udaletxean eman zuten argitalpen horren berri. Martitzenean, Ingurumen eta Landa Garapen batzordeak eta Debegesako turismo batzordeko ordezkariek bilera egin zuten herriko hainbat eragilerekin eta Alkarrekin Soraluze ekimeneko Ibaia eta Mendia lantaldeko hainbat kiderekin. 

Bertan izan ziren, besteak beste, Iker Aldazabal alkatea, Ramon Gallastegi Landa garapeneko zinegotzia, Aitziber Kortazar Debegesako Turismo eta Garapen Jasangarriko arduraduna eta Eider Etxegarai Debegesako arkitektoa. Dolmenen Ibilbidearen inguruan egin diren ekimenen berri eman zuten batzarrean, 2020ko aurreikuspenak konpartitu eta ekarpenak jasotzeko.