Ruper Ordorikak kontzertua eskainiko du ekainaren 27an Soraluzen

Egoitz Unamuno 2020ko eka. 18a, 09:01

Ruper Ordorika abeslariak konfinamendu osteko bere lehen kontzertua eskainiko du Soraluzen, ekainaren 27an, antzokian. 

Udalak datozen asteetarako herriko hainbat eragilerekin batera (Gaztelupe, Pil-pilean...) osatu duen kultur programazio bereziaren barruko lehen emanaldia izango da abeslari oñatiarrarena.  

Kontzertu "berezia"

Oraingoan, “bakarka” arituko da Ruper Ordorika Soraluzen, ahots eta gitarra soilez. Antolatzaileen esanetan, kontzertu "berezia" izango da, izan ere, Ordorikak konfinamendu ostean eskainiko duen lehen kontzertua izango da datorren astean Soraluzen eskainiko duena. Azkenekoz, 2016ko abenduan jo zuen Ruperrek Soraluzen; orduko hartan, talde eta guzti jo zuen eta aretoa goraino bete zen.

Aurtengo emanaldia, ekainaren 27an, zapatuan, izango da, arratsaldeko 19:30ean, antzokian. Sarrerak, 85 inguru, astelehenean jarriko dituzte salgai Iratxo goxodendan, 10 euroko prezioan.