Soraluzeko Musika Eskolan bukatzear dute ikasturtea. Alarma egoera ezarri zenetik, bertako eskaintza akademikoa online egin dute. Baina, joan den astetik, 12 urtetik gorako ikasleak modu presentzialean ari dira eskolak hartzen. Modu horretan, irailera begira, zelanbaiteko arintze fasea abiarazi dute, musika eskolako zuzendaritzaren asmoa baita irailean ikasle guztiek aurrez aurreko eskolak izatea.
Nagore Sanz musika eskolako zuzendariak azpimarratu duen moduan, “eskola presentzialak ezin dira ordezkatu online eskolekin; horren kontziente izan gara; gure helburua izan da, besterik ezean, jarduera bertan behera ez lagatzea”.
Bestalde, etzi barikua, bukatuko da 2020-2021 ikasturteko matrikulazio-kanpaina. Oraingoz, pozik daude jendeak erakutsitako interesarengatik.