Gaur egungo SARS-CoV-2 agertu arte, gizakiak infektatzeko gai ziren beste sei koronabirus deskribatu dira
Zer du berezia koronabirusak? Mota ezberdinak daudela ere esan zaigu. Zeintzuk? Zer berezitasun dute?
Koronabirusak, gizakietan eta hainbat animalietan -hala nola gameluetan, katuetan eta saguzarretan- infekzioak eragiten dituzten birus-familia bat dira. Infekzio horiek zoonosiak dira; hau da, birusa animalietatik gizakietara transmititzen da. Egitura genetikoaren arabera koronabirus desberdinak daude. Gaur egungo SARS-CoV-2 agertu arte, gizakiak infektatzeko gai ziren beste sei koronabirus deskribatu dira (HCoV-NL63, HCoV-229E, HCoV-OC43, HKU1, SARS-CoV eta MERS-CoV). Horietako askok, HCoV-NL63, HCoV229E, HCoV-OC43 eta HKU1 tartean, goiko arnasbideko infekzio arinak eragiten dituzte pertsona heldu osasuntsuetan, baina koadro larriagoak ere eragin ditzakete haurretan eta pertsona adinduetan, neguan normalean. SARS-CoV eta MERS-CoV patogenoen kasuan infekzio larriagoen erantzuleak dira. Aurrena 2002an SARS-CoV-1 Arnas Sindrome Akutu Larriarekin erlazionatu zen, 27 herrialdetan 8.000 kasu baino gehiago eragin zituen eta %10ko hilkortasun-tasarekin erlazionatu zen. Ordutik ez da gizakietan berriz detektatu. Bederatzi urte beranduago, 2012. urtean, MERSCoV azaleratu zen, Ekialde Hurbileko Arnas Sindromearen eragilea zena, %30 baino gehiagoko hilkortasun-tasa zuena. MERS-CoV, aldiz, ez da desagertu, era esporadikoan pertsonak gaixotzen jarraitzen du, eta gaur egun arte 2.500 kasu inguru eragin ditu, gehienak Saudi Arabian.
Kasuen %10ean koadro larriak ikusten dira, ospitaleratzeko modukoak, eta %1ean zainketa mediko intentsiboak beharko dira.
Nola zabaltzen da birusa? Zerk egiten du pertsona batzuei, baita beste patologiarik ez dutenei ere, min handiagoa egitea?
Birusa arnasbideetan sartzen denean, zelula epitelialak infektatzen ditu. Bertan, era naturalean, badaude birusak ezabatzen dituzten zelulak. Interferon izeneko substantzia bat ere ekoizten dugu infekzio birikoen aurrean, zeinak egoera antibiriko bat sustatzen duen. Hala ere, birus honek interferona inhibitzeko gaitasuna duela ikusi da. Kasuen %80an, gutxi gorabehera, infekzioa arina da eta birusa arazo handirik gabe ezabatzea lortzen dugu. Zenbait kasutan, ordea, ez da lortzen. Birusa arnasbideetatik jaisten da, biriketara iristen da, eta han, hantura-prozesu larriago bat sor dezake. Hamar egunen bueltan, gutxi gorabehera, antigorputzak garatuko ditugu. Birusaren aurrean sortzen ditugun proteinak dira horiek, eta birusari aurre egiten laguntzen digute. Kasu gehienetan erantzun eraginkor eta babeslea sortzen da, baina zenbait gizabanakotan sortutako erantzun immuneak birusak berak baino kalte handiagoa eragiten duela ikusi da. Kasu horietan, birusak gehiegizko erantzun immune innatoa sortzen du, biriketako lesio handiagoarekin eta bilakaera kliniko okerragoarekin lotuta egon daitekeena, eta heriotza eragin dezake. Zergatik gertatzen da hori zenbait pertsona osasuntsutan? Joera genetiko bat omen dago horren atzean. Bakoitzak identitate immunologiko propio eta esklusiboa dugu, eta horren bitartez patogeno berdinaren aurrean erantzun immune desberdin bat sortzen dugu. Nik ez diot zuk bezala erantzungo koronabirusari. Aldakortasun handia dago pertsonen artean, eta zenbaitetan erantzun immuneak birusak berak baino kalte handiagoa eragiten du. Kasuen %10ean koadro larriak ikusten dira, ospitaleratzeko modukoak, eta %1ean zainketa mediko intentsiboak beharko dira.
Ikuspuntu ebolutibo batetik espero dena da SARS-CoV-2k jasan ditzakeen mutazioak gizakiari egokitzeko izatea, eta horiek birulentziaren murrizketan eragina izatea.
Zer mutazio erritmo du birusak beste batzuekin alderatuta?
Mutazioak birusaren material genetikoan gertatzen diren ausazko aldaketak dira. Kopiak egiten dituenean, zuzentzen ez diren akatsen ondorioz gertatzen dira. Askok ez dute inolako eraginik, beste batzuek, aldiz, abantaila ebolutibo bat suposa dezakete. Adibidez, patogenoak aurretik infektatu ezin zituen espezieak infektatzeko gaitasuna bereganatzea. Patogeno baten helburu ideala berak infektatzen duen ostalarira egokitzea da, kalte gehiegirik eragin gabe. Birusak zelula barneko patogeno hertsiak dira, hau da zelulak infektatu behar dituzte nahitaez erreplikatzeko. Ez dira beraien kabuz erreplikatzeko gai. Ondorioz, gu azkar akabatzea ez litzateke abantaila handia izango beraientzat, beraiek ere desagertuko liratekeelako. Birus bati zer interesatzen zaio? Erreplikatzea, oharkabean pasatzea eta ahalik eta gehien transmititzea. Normalean, ostalariarekin bizitzen ohituta ez dauden birusak izaten dira erasokorrenak, eta sortzen dituzten agerraldi epidemikoak txikiagoak izaten dira. Horregatik, ikuspuntu ebolutibo batetik espero dena da SARS-CoV-2k jasan ditzakeen mutazioak gizakiari egokitzeko izatea, eta horiek birulentziaren murrizketan eragina izatea. Hau da, nolabait guregana egokitzea eta elkarbizitzarako oreka lortzea. Une jakin batean birulentzia handiagoa ematen dion mutazio bat jasatea ez da baztertzen, baina probalitatea txikia da. Ez dakigu zer mutazio-erritmo duen, baina badirudi antzeko beste birus batzuekin alderatuta mutazio tasa baxuagoa duela. Zenbait ikerketek bere genoma, oraingoz, nahiko egonkor mantentzen ari dela adierazi dute. 104 birusen genomaren sekuentzien analisi batek beraien arteko homologia % 99,9koa dela erakutsi du.
Gaur, orain dela bost hilabete baino askoz prestatuagoak gaude beste agerraldi bati aurre egiteko.
“Egia da neurrietan ez dela malgutasun askorik nabaritu, baina ikuspegi diagnostikotik eta epidemiologikotik, aldaketa nabaria da“ irakurri genion zure lankide Miren Basarasi. Zer iritzi duzu konfinamenduaren arintzeaz?
Prebentzio-neurriak pixkanaka-pixkanaka malgutzen joan dira bizi izan dugun egoera epidemiologikoaren arabera. Neurri horiek zentzuzkoak dira, izan ere birus berri honen portaera ezagutzen ez dugunez, tentuz jokatu behar da. Diagnostikoaren ikuspegitik ere aldatu dira gauzak. SARS-CoV2 infekzioaren susmo kliniko handia duten kasuei proba diagnostikoak egiteaz gain, orain, arrisku-taldeetara zabaldu dira proba diagnostikoak. Era berean, EAEko biztanleek COVID-19aren aurrean duten immunitate-maila ere aztertzen ari dira, bai eta pandemiari eusteko ezinbestekoa den kontaktuen miaketa bultzatzen ere. Jardun horiek bideraezinak ziren pandemia gogorrenean zenean. Horretarako, ia esparru guztietako osasun-zerbitzuak egokitu behar izan dira, denbora errekorrean. Gauza bera gertatu da laborategietan, eta, bereziki, mikrobiologiakoetan. Gaur, orain dela bost hilabete baino askoz prestatuagoak gaude beste agerraldi bati aurre egiteko. Azkenik, aldaketa epidemiologikoari dagokionez, koronabirus kasuak nabarmen gutxitu dira eta birusaren transmisioa ere apaldu da, ezarritako neurriei esker.
Adituei irakurri diegu luze joko duela honek. Udazkenak kezkatzen dituela ere bai beste askori. Zergatik udazkena?
Ez dakigu SARS-CoV-2 gure artetik desagertuko den, 2003ko SARS-CoV-1arekin gertatu zen bezala, edo geratuko den, katarro arruntak eragiten dituzten MERS edo beste koronabirusak bezala. Desagertzen ez bada ere, ez dago garbi urtaroko patroi bat izango ote duen, beste arnas birus batzuekin gertatzen den bezala, gripea edo ohiko katarroak eragiten dituzten koronabirusak kasu. Era berean, 2 edo 5 urtean behin epidemiak sor ditzakeela ere iradokitzen dute. Datuen arabera, beroak eta erradiazioak eragina izango dutela dirudi eta udan kutsatzeko arriskua apaldu egingo da. Eguraldi onarekin, ordu gutxiago ematen ditugu leku itxietan, sakabanatuago gaude leku desberdinetan, eta horrek pertsonen arteko urruntzea errazten du eta birusaren transmisioa zailtzen. Gainera, pertsona gehiago infektatzen goazen heinean, defentsa gehiago izango ditugu populazioan, eta horrek ere zailago egingo du birusa hedatzea. Hala ere, nahiz eta intentsitate txikiagoarekin, ziurrenik udan birusaren transmisioak jarraitu egingo du. Arrazoiak: populazioaren suszeptibilitate handia eta erlaxazioa, urruntze soziala ez zaintzea. Orain badakigu populazioaren oso portzentaje baxua egon dela birusarekin kontatuan. Oraingoz, eredu hipotetikoak baino ez daude, eta inork ez daki ziur zer gertatuko den, baina aditu askok uste dute birusa gure artean geratuko dela, oso hedatua dagoelako, eta, ziurrenik, urtaroko zirkulazio-eredu bat erakutsiko duela. Bestalde, jakinda populazioaren ehuneko txiki batek bakarrik garatu duela COVID-19rekiko immunitatea, ia saihestezina dirudi kasuen beste gorakada bat izateak, ziur asko udazkenean edo neguan. Urtaro horietan, tenperatura baxuagoen ondorioz ordu gehiago ematen ditugu leku itxietan, beste jende askorekin batera, eta horrek birusaren transmisioa errazten du. Hortik dator udazkenari beldurra. Beldur hori SARS-CoV-2aren beste agerraldi batek urte-sasoiko beste arnas birus batzuekin izan lezakeen kointzidentzian oinarritzen da. Esaterako, gripearen birusarekin. Konkurrentzia horrek dena zailduko luke eta ospitaleak saturatzeko arriskua legoke.
CSICek argitaratutako txostenean ere uraren bidez transmititzea oso zaila dela ondorioztatu dute, baita laku eta ibaietako ur gezen kasuan ere.
Ez dakigu zertarako aukera izango dugun udan, baina irakurri dugu gure erreketako uretan, aintziretan eta ur gezako eta tratatu gabeko putzuetan errazago meta daitekeela birusa igerilekuetan eta itsasoan baino.
Galdera honetan seguraski CSIC Institutuak argitaratutako txostenari egiten diozu erreferentzia. SARS-CoV-2 birusa itsasoko ur gazian edo igerilekuetako ur kloratuetan bideragarri mantentzea zaila da, bertan azkar inaktibatuko litzatekeelako. CSICek argitaratutako txostenean ere uraren bidez transmititzea oso zaila dela ondorioztatu dute, baita laku eta ibaietako ur gezen kasuan ere. Urak bestalde birusaren kontzentrazioa diluitzen du, kutsatzeko probabilitatea murriztuz. Pertsonalki, ez nintzateke uragatik arduratuko. Bai, ordea, distantzia fisikoa bermatzearekin toki horietan. Uda giroko egun hauetan ikusten ari gara zer gertatzen ari den gure inguruko hondartzetan. Funtsezkoa da pertsona guztiek distantzia fisikoa mantentzea igerileku eta hondartzetan, kutsatze gehiago egon ez daitezen. Eta noski, distantzia fisiko hori eta maskararen erabilera funtsezko tresnak dira trenean eta beste garraiobide publiko batzuetan kutsatzea saihesteko.
Maskara higieniko berrerabilgarriak eta oihalezkoak mugarik gabe berrerabil daitezke, erabilera bakoitzaren ondoren desinfektatu daitezkeelako, detergentearekin eta 60°C edo gehiagoko garbiketa-zikloaren bidez.
Maskara, bai, baina gastua ere handia da. Zer egin genezake erabilitako maskarak berriro erabili ahal izateko?
Egokiena behin erabilitakoan botatzea da. Zientziak ere ez du erantzun argirik maskarak berrerabiltzearen eta desinfektatzearen inguruan. Maskara ugari daudenez, ezin da gomendio unibertsalik eman. Maskara higieniko berrerabilgarriak eta oihalezkoak mugarik gabe berrerabil daitezke, erabilera bakoitzaren ondoren desinfektatu daitezkeelako, detergentearekin eta 60°C edo gehiagoko garbiketa-zikloaren bidez. Edonola ere, garbiketak maskararen ezaugarriak aldatzen ez dituela ziurtatu behar da. Bestela, Osasun Ministerioak azaldu due maskarak ur epeletan 1:50 lixiba diluzioan sart daitezkeela 30 minutuz; gero, maskara ura eta xaboiarekin garbitu behar da lixiba-hondarrak kentzeko eta lehortzen utzi. Higienikoak eta kirurgikoak gehienez lau orduz erabiltzea gomendatzen da. Garbitzean hondatu egiten dira. Aukera bat da zazpi egunez eguzkitan uztea, hurrengo erabilera arte. Korobirusaren biziraupen-denbora eguzkiarekin laburtzen da nabarmen. Beste aukera bat, labean 30 minutuz 70°Ctan berotzea da, maskara laberako poltsa hermetiko berezi batean sartuta. FFP eta N95 maskarentzako zortzi orduko etengabeko erabilera gomendatzen da. Emaitza onenak ematen dituzten desinfekzio-prozedurak argi ultramore germizida, ur oxigenatuaren lurruna edo 70°Cko beroa dira; izan ere, metodo horiek mikroorganismoen aurkako eraginkortasun handia dute, hainbat zikloren ostean maskaren forma nabarmen aldatu gabe. Ez dira gomendagarriak: bero lehorra 160°Ctan, alkohola, lixibatan sartzea, mikrouhin bidezko irradiazioa eta ura eta xaboia, iragazkiak nabarmen degradatu eta/edo maskararen forma alda dezaketelako. Etxean maskarak 70 °C-tan 60 minutuz labean berotu daitezke, eta ondoren, sudurrera adaptatzeko maskararen metalezko zatia alkoholarekin garbitu.
Esperimentu horiek laborategian egin dira, eta laborategian birusaren hezetasun eta tenperatura baldintzak hobeak dira supermerkatuko gurdi batean, terraza bateko altzairuzko mahai batean edo eguzkipean dagoen eserleku batean daudenak baino.
Gainazalak ondo garbitzeko ohartarazi dute adituek. Birusak bizi-itxaropen bera al du gainazal guztietan?
Ez. Kobrezko, kartoizko, altzairuzko eta plastikozko gainazaletan egindako ikerketa batean ikusi zen nola 4, 24, 48 eta 72 orduz bideragarri mantendu zen hurrenez hurren, 21-23 °C-tan eta %40ko hezetasun erlatiboarekin. Hala ere, kontu handiz interpretatu behar dira datu horiek, eta garrantzitsuena alarmarik ez sortzea da. Esperimentu horiek laborategian egin dira, eta laborategian birusaren hezetasun eta tenperatura baldintzak hobeak dira supermerkatuko gurdi batean, terraza bateko altzairuzko mahai batean edo eguzkipean dagoen eserleku batean daudenak baino. Gainera, birusek zelulak infektatu behar dituzte derrigorrez erreplikatzeko, eta, beraz, ezin dira objektu bizigabeetan erreplikatu. Infektatzen duen zelularen barruan ez badago, inaktibatu egiten da, eta eraginkortasuna galtzen du. Hau da, zuhurtziaz jokatu behar da eta gomendatutako segurtasun eta higiene-neurriei eutsi behar zaie, baina obsesionatu gabe.
Nire ustetan ondo ari gara. Beti daude salbuespenak, baina orokorrean jendea oso kontzientziatua dagoela uste dut.
Konfinamendutik irteten hasiak ziren herrialde batzuetan atzera egin dute. Gerta daiteke hori gurean ere, baina adierazleak momentuz onak direla esaten digute. Nahastuta dago jendea. Batetik, pandemia larria dela entzuten dugu, baina bestetik, halako normaltasun bat ikus daiteke kalean.
Oraindik asko dugu ikasteko, eta ezezagunaren aurrean zuhurtziaz jokatu beharra dugu. Egia da zenbait herrialdek atzera egin behar izan dutela, Alemanian edo Hego Korean gertatu den bezala. Eta horrek kezkatzen nau, jakina, bai gaixotasunari lotutako ondorioengatik, bai horrek dakarren eragin sozioekonomikoagatik ere. Baina beharrezkoa balitz, horrela egin beharko genuke. Birusa kontaktu hurbilaren bidez transmititzen da; aldagai hori ezabatzen badugu, transmisioa saihestuko dugu. EAEn ditugun indikatzaileak onak dira. Nire ustetan ondo ari gara. Beti daude salbuespenak, baina orokorrean jendea oso kontzientziatua dagoela uste dut. Horren isla da oinarrizko birsorkuntza tasan (R0) lortu dugun balioa [COVID-19 duen pertsona batek zenbat kutsa ditzakeen]. Gaur egun 1 azpiko balioetan dago EAEn, konkretuki 0,64koa zen maiatzaren 31n. Gaixotasunaren intzidentzia ere baxua da, asistentzia-gaitasuna handia da une honetan, eta kontingentzia-plan bat ere prest dago, kasuen beste gorakada bati erantzuteko. Gipuzkoan konkretuki ez da kasu berririk antzeman egunetan. Nik uste dut biztanleek eutsi egingo diotela erakutsitako erantzukizunari, nahiz pertsonen arteko harremanak berreskuratzeko beharra igartzen den. Baina harremantzeko desioa egon arren, erne mantendu behar gara.
Ez dago COVID-19 birusaren kontrako txerto edo botika espezifikorik, baina zientzialariak hasiak dira paziente batzuek plasma erabiltzen beste gaixo batzuekin erabiltzeko. Nolakoa da prozesu hori? Plasma guztiak dira baleko?
Tratamenduari dagokionez, farmako asko aztertzen ari dira, baina egia da oraindik ez dagoela SARS-CoV-2ren aurkako botika espezifikorik, ezta txertorik ere, eta horrek aukera terapeutiko posible guztiak aztertzea eragiten du. Kasu honetan, COVID-19 pasatu duten pertsonen plasma hiperimunea erabiltzen dute. Plasma horrek birusari aurre egiteko antigorputzak ditu, eta COVID-19 duten pazienteei emango litzaieke, koronabirusak eragindako efektuak murrizteko. Immunitatea edo babesa era pasibo batean lortzeko metodoa da. Pasibo deitzen zaio, kasu honetan hartzailearen immunitate-sistema ez delakoa aktibatzen, baizik eta kanpoan ekoiztutako antigorputzak administratu. Lortzen den babesa berehalakoa da, baina behin-behinekoa. Administratzen diren antigorputzak desagertzean, efektua ere desagertzen da. Hau ez da terapia berria. Iraganean, txertoak eta antibiotikoak izan aurretik, immunitate pasiboak berebiziko garrantzia zuen. Plasma edo seruma erabilgarriak izan daitezen, IgG antigorputz neutralizatzaileen (birusa blokeatzeko gai direnak) titulu (kontzentrazio) altua izan behar dute. Horregatik, askotan, hainbat pazienteren plasmak/serumak elkartzen dira eta kontzentratu egiten dira. Gainera, plasmak seguruak izan behar dute, hau da, birus posibleetatik eta beste agente patogeno batzuetatik garbi egon behar dute. Saiakuntza kliniko gehienetan COVID-19 larria duten pazienteengan terapia honek duen eraginkortasuna ebaluatzen ari dira. Beste ikertzaile batzuek koadro kliniko larri bat garatu aurretik duen eraginkortasuna aztertzen ari dira, erreskateterapia gisa erabili beharrean, hau da, pazientea oso larri egon aurretik. Baina tratamendu horrek kaltea ere eragin dezakeela ohartarazi dute. Espainian ere, ari dira dagoeneko aztertzen saiakuntza kliniko batean eta Galdakaoko Ospitalea ere ari da parte hartzen. Dena den, oraindik ebidentzia mugatua da, eta zenbait ikerketek emaitza itxaropentsuak badituzte ere, muga handiak dituzte.
Zerk kezkatzen zaitu gehien?
Atzera egin beharra izateak kasu gehiago agertu direlako, eta horrek prebentzio-neurri murriztailegoak hartu behar izatea ekartzeak. Eta baita patogeno honen aurkako txerto edo tratamendu eraginkor bat garatzeko gai ez izateak, urruntze sozialari ezin diogulako betirako eutsi.
Zeintzuk dira egin diren aurkikuntza handienak?
Harrigarria iruditzen zait zenbat eta zein azkar ari garen ikasten. Hasieran ez genekien ezer birus honi buruz eta bost hilabeteren bueltan, pandemia kontrolatzeko benetan baliagarriak diren datu ugari ditugu. Bi aste baino gutxiagoan bagenekien nolakoa zen birusaren sekuentzia genetikoa eta horrek aukera eman du diagnostiko-teknikak garaiz abiarazteko. Bereziki garrantzitsua iruditzen zait baita ere astez aste tratamenduaren inguruan lortzen ari diren aurrerapenak. SARS-CoV-2ren aurrean antibiral espezifikorik ez izan arren, gaixo larrienak artatzeko moduan aurrera egin da eta hori beti da itxaropentsua. Eta, noski, saiakuntza klinikoko faseetara igaro diren txertoak; une honetan, 8 dira aztertzen ari diren balizko txertoak, ehun hautagai baino gehiagoren artean. Hori guztia ikerketa eta ikerketa gehiagori esker lortu da. Espero dezagun horrek guztiak gure politikariei gogoeta eginaraztea Osasun Publikoaren garrantziaren eta ikerketan inbertitzeko beharraren inguruan.
Zer gertatzen da umeekin? Baimen murriztaileenak izan dituzte, eta orain ere, umeekin lotutako ekintzak daude geldien.
Prebentzio neurriak mantentzea egokia da bai, baina bestalde ez gara larrituta eta beldurtuta bizi behar, badaudelako umeekin lotutako datu lasaigarriak edo positiboak ere.
Patogeno emergenteen aurrean beti ibili behar da tentuz umeekin. Artikulu zientifikoek umeek ere maskara eramatea gomendatzen dute, baina umeetan maskararen erabilera egokia bermatzea zaila da. Bestalde, urruntze sozialari eustea, sudurra edo begiak eskuekin ez ukitzea edo eztula egitean ukondoa jartzea bezalako neurriak hartzen direla bermatzea ere zaila da. Gainera, Fernando Simonek esan bezala, birusaren transmisioa ez dago soilik birus-kargari lotutako faktoreen menpe, baizik eta erlazionatzeko eta objektuak manipulatzeko moduaren menpe ere. Hori guztia egon daiteke umeentzat erreserbatutako espazioak irekitzeko irizpide murriztaile edo gogorragoak ezartzeko arrazoien atzean. Horregatik, oso zuhurrak izan behar gara, birusaren transmisio ahalmena minimoa izateko. Prebentzio neurriak mantentzea egokia da bai, baina bestalde ez gara larrituta eta beldurtuta bizi behar, badaudelako umeekin lotutako datu lasaigarriak edo positiboak ere. Batetik, umeetan behatu den kasuistika bat dator 6 urtetik beherako haurretan maskarak erabiltzea derrigorrezkoa ez izatearekin. Hasteko, SARS-CoV-2 infekzioak haurrengan duen inpaktua ezberdina da helduengan duenarekin alderatuz gero. Txinan, 18 urtetik beherakoen intzidentzia oso txikia izan zen, eta Espainian gauza bera behatu da. Zaintza Epidemiologikoko Sare Nazionalak egindako txosten baten arabera, zeinean 248.335 kasu aztertu zituzten, 381kutsatu (% 0,2) < 2 urtekoak ziren, 192 (% 0,1) 2-4 urteko bitartekoak eta 826 (% 0,3) 5-14 urte bitartekoak. Datu lasaigarriak beraz. Birusak eragindako infekzioarekiko haurrek izan dezaketen suszeptibilitate txikiagoa umeek birus horrentzako hartzaileen heldutasuna eta funtzionaltasuna baxuagoa izatea izan daiteke. Infekzioa sortzeko, lehendabizi gure zeluletara atxikitu behar da eta ondoren barneratu egin behar da. Gure zelulekin elkartzeko birusak bere proteina batzuk erabiltzen ditu eta hauek gure zeluletako beste proteina batzuekin lotzen dira, kasu honetan ACE2ekin, eta badirudi, umeetan azken horiek gutxiago espresatzen direla. Umeek arrisku gutxiago izan dezakete, babestuago egon direlako, batez ere konfinamendu garaian. Bestalde, umeek birusa transmititzeko gaitasunari dagokionez, bizitzako lehen urteetan infekzioa transmititzeko gaitasun txikiagoa dagoela adierazi dute zenbait azterlanek, nahiz eta helduetan detektatu diren birus-karga bera antzeman den. Kontrapuntuan beste aldagai batzuk daude: Haurrek askoz ere klinika arinagoa azaltzen dutenez eta kasu asintomatikoak ohikoagoak direnez, uste da kasuen infradetekzio bat ere egon dela.
Oharra: Elkarrizketa hau jatorriz Elgoibarko Barren.eus-en argitaratu da eta CC lizentziari esker ekarri dugu Plaentxia.eus-era.