Aste honetan bukatuko dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 15a, 12:21

Azken orduotan, Errabal kaleko 12. zenbakiko etxearen hondakinak batzen eta eramaten ari dira. Izan ere, etxea eraisteko lanak bukatu dituzte. Zandesa enpresako obraburuaren aurreikuspena da gainerako lanak barikurako bukatzea.

Azken jarduerak besterik ez dira falta Errabal kaleko 12. zenbakiko etxearen eraiste-lanak bukatzeko. Gaur, astelehena, etxearen hondakinak batu eta haiek kamioiz eramaten ari dira. Datozen egunotan, berriz, ondoko etxearen fatxadari poliuretanoa botako diote. 

Behin hori eginda, bukatutzat emango dituzte lan guztiak. Zandesa enpresa ari da lanok egiten eta bertako obraburuaren esanetan, dena ondo bidean, aurreikuspena da barikurako guztia bukatuta egotea. “Orografia zaila dauka herri honek eta horrek zaildu egiten ditu lanak. Zorionez, oraingoz, etxea botatzean ez zaigu ezer jausi ibaira, ezta joan den astean ere, paretak bota genituenean”, dio obrako langile batek.

Apirilaren amaieran hasi ziren Errabal kaleko 12. zenbakiko etxea eraisteko-lanak. Orduan, aldamioa jarri zuten; egun batzuk geroago, etxe barruko amiantoa erretiratzera etorri ziren; eta ondoren hasi ziren etxea bera botatzen.