Herritarrak maskarak eta eskularruak erabiltzen hasi zirenetik, herriko garbitzaileek egunero edo ia egunero jaso behar izaten dute halakoren bat lurretik, azkenaldian, maskarak, batik bat. Horrek ardura handia eragiten die, eta, maiatzaren erdialdean, Plaentxia.eus atariaren bitartez, material mota hori lurrera ez botatzeko eskatu zieten herritarrei; material hori koronabirusaz kutsatuta egon daitekeenez, maskarak-eta batu beharrak, garbitzaileen kutsatzeko arriskua areagotu egiten baitu.
Baina dirudienez, eskaera alperrekoa izan da. Adibide bat: gaur bertan, astelehena, 06:00etatik 07:00ak bitartean, zazpi maskara batu dituzte. “Gaur, akaso, 20 bat maskara batuko ditugu”, adierazi dute, arduratuta.
Berez, erabilitako maskarak eta eskularruak edukiontzi grisetara bota behar dira, errefusera, plastikozko poltsa itxietan.