Arratoiak bizi-bizi

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 12a, 10:57

Herenegun, herritar batek Zeleta auzotik grabatu zuen bideoan ikusten denez, bi arratoi hantxe ibili ziren, trankil asko, berdegunetik irten eta errepidean bueltaka. Egunotan, udalerriko beste bi puntutan ere bistaratu dituzte arratoiak. Horren jakitun, Udalak dagoeneko abisatu dio arratoi-garbiketaz arduratzen den Anticimex enpresari, garbiketa berezia egin dezan.

Anticimex enpresak datozen egunotan egingo ditu arratoien kontrako aktuazio bereziak, herriko hiru puntutan: Zeletan, Errekalden eta Ezozibiden.  

Berez, urtean lau kanpaina egiten ditu enpresa horrek. Azkena otsailean egin zuen. Azken boladan, ordea, lehen baino arratoi gehiago bistaratzen direla ikusita, gaiarekin arduratuta, enpresari berari galdetu dio Udalak zer gerta daitekeen. 

Eraginkortasun txikiagoa

Jasotako azalpenaren arabera, orain arte arratoien kontra erabili izan den pozoiak kutsadura eragiten zuen ibaietan, eta, ondorioz, itsasoan. Horren aurrean, Europar Batasunak legea zorroztu eta orain erabil daitekeen pozoiaren printzipio aktiboa makalagoa da. Beraz, arratoiek pozoi gehiago jan beharra daukate akabatzeko. Edo bestela esan, pozoi hori ez da lehen bezain eraginkorra.