Aurtengo udalekuen berezitasunak

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 10a, 12:55
Hainbat ume iazko udalekuetan.

Aurten, udalekuak erabat ezohikoak izango dira, COVID-19a dela-eta, ezarritako segurtasun neurriek baldintzatutakoak. Gehienez jota, hamar laguneko taldeak izango dira; taldeek ez dute elkarren arteko harremanik eta jolasik izango; maskara derrigorrezkoa izango da; pertsonen arteko bi metroko distantzia gorde beharko da eta elkarren arteko kontaktu fisikoa saihestu. 4-5 urteko umeendako neurriok betetzea nekeza izango dela ikusita, eta horrek begiraleei ekar diezaiekeen erantzukizuna kontuan hartuta, erabaki da, aurten, 4-5 urteko umerik ez izatea udalekuetan. 

Uztailean egingo diren udalekuetan, aurten, oso neurri zorrotzak bete beharko dituzte partaide guztiek, begiraleek zein umeek. Saioen hasieran, saioan zehar, eta saioaren amaieran, honako betebehar hauek errespetatu beharko dituzte:

Saio hasieran: 

  • Talde bakoitzak haurrak jasotzeko bere lekua eta bakarra izango du.
  • Haurrak bilgunera etortzean tenperatura hartuko zaie.
  • Gurasoei galdetuko zaie haurrak sintomarik izan duen.
  • Segurtasun eta higienea zainduko dira, behar denean NBEak (EPIak) emanez haurrei.
  • Higienea eta segurtasun oharrak eta mezuak jarriko dira paretetan.

Saioan zehar:

  • 2 metroko tartea zainduko da.
  • Ahal dela kontaktu fisikoak saihestuko dira.
  • Haurren sintomak zainduko dira.
  • Ahal dela ekintzak kanpoan egingo dira.
  • Ekintzak barnean egin behar badira eskularruak eta musukoak erabiliko dira.
  • Erabilitako sudur-zapi eta mukizapiak zuzenean zakarretara botako dira.
  • Ekintzetako materiala ez da elkarbanatuko.
  • Eskuak maiztasun handiz garbituko dira (ekintza hasiera eta amaieran eta dinamika bakoitzaren hasieran).
  • Hamaiketakoa ez da elkarbanatuko.
  • Edalontzi partikularrak erabiliko dira.
  • Iturrietatik ezingo da edan.
  • Leku itxiak, gutxienez, ordubetean hiru aldiz aireztatuko dira.
  • Ateen heldulekuetan, komunetan, espazio komunetan… legeak dioen garbiketa neurriak hartuko dira.
  • Haurrei zaintza eta higieneari buruzko informazioa (prestaketa) emango zaie.

Saioaren amaieran:

  • Haur bakoitzak erabilitakoa berak gordeko du.
  • Saio amaieran eskuak garbituko dituzte.
  • Saioan sortutako zakar eta hondakinak zakarretara botako dira zuzenean.
  • Garbitzaileak garbiketa sakona egingo du legeak agintzen duen bezala.

Oso egoera zaila

Baldintza horiek bete beharra kontuan dute Udaleko Haurrak eta Gazteak batzordeak zein Kukumixo aisialdi taldeak udalekuetan izango den partaidetza zehazteko. Antolatzaileen ustez, 4-5 urteko umeendako baldintza horiek errespetatzea edo baldintzok errespeta eragitea benetan zaila izango da. Are gehiago kontuan hartuta, adin horretako umeek kalean ez dutela zertan maskararik erabili eta ez dituztela erabiltzen, eta beraz, ez daude horretara ohituta. Udalekuetan, ordea, derrigorrezkoak dira. Aurten, hori guztia kontuan hartuta erabaki dute, 4-5 urteko umerik ez izatea udalekuetan.