Hauteskunde-mahaiak osatzeko zozketa, datorren astean

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 9a, 14:04
Herritarrak botoa ematen, hauteskundeetan.

Datorren asteko martitzenean, ekainaren 16an egingo dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetako mahaiak osatzeko herritarren zozketa. 45 lagunen izenak aterako dituzte, Soraluzen egongo diren mahai bakoitzeko bederatzi izen. Uztailaren 12an egingo dira Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak. 

Ohi denez, bost hauteskunde-mahai osatuko dira uztailaren 12ko hauteskundeak egiteko. Hori horrela, datorren ekainaren 16an, 45 soraluzetarren izenak aterako dituzte, mahai bakoitzeko bederatzi izen. Egunean bertan hasita, udaltzainen bitartez helaraziko dizkiete haiei jakinarazpenak. Horrez gain, kontzejupeko iragarki-taulan jarriko dituzte tokatu zaienen nortasun agiriak.
Hauteskunde-mahaietan egongo direnek 85 euroko ordainsaria jasoko dute.

Hori bai, derrigorrezkoa izango dute hauteskunde egunean bertaratzea, justifikatu barik ez aurkezteak isuna jaso dezakete-eta, baita espetxe zigorra ere. Hala ere, badira salbuespen-kasuak, honakoak:

Salbuespen kasuak

Mahaian ez egoteko, honako arrazoiak hartzen ditu aintzat hauteskunde batzordeak.

  • Gaixorik dauden pertsonak eta ospitaleratuak.
  • Hauteskunde-barrutitik kanpo bizi direnak.
  • Ontziratutako langileak.
  • Legean xedatutakoaren arabera hauta-ezinak diren pertsonak.
  • Seigarren hilabetetik aurrerako haurdunaldian dauden emakumeak eta amatasun-atsedenaldian daudenak.
  • Bederatzi hilabete arte haurra edoskitzen ari diren emakumeak.
  • Hirurogeita bost urte edo gehiago dituzten pertsonak.

Gainera, ezin izango dira mahaikide izan hauteskunde-batzordeetako kideak, hauteskundeetan hautagai gisa parte hartzen dutenak, kargudun publiko hautatuak edo izendapen askekoak edo eskubide zibil eta politikoak erabat indarrean ez dituzten pertsonak.

Alegazioak

Jakinarazpena jaso ondorengo zazpi egunetan, mahaikide izendatutako pertsonek alegazioak aurkeztu ahal izango dituzte edo salbuespena eskatu eskualdeko hauteskunde-batzordeari. Horiek egiteko inprimakia webgune honetatik deskarga daiteke: www.hauteskundeak.eus. 

Hauteskunde-mahaietako lehendakariek edo bokalek pertsonako 85 euroko dieta jasoko dute. Gainera, Gizarte Segurantzaren estaldura izango dute, eginkizunak garatzen dituzten bitartean istripurik izanez gero.