Oraingoz, jolas-parkeek itxita segituko dute

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 9a, 11:12
Ezozibideko parkea itxita.

Atzo ezkero, astelehena, herrietako jolas-parkeak zabaldu ala ez erabakitzeko eskumena tokian tokiko Udalek dute. Soraluzen, oraingoz, erabaki dute ez dituztela zabalduko. Udaltzaingoak Ertzaintzari galdetu dio gaiari buruz, eta Ertzaintzak gogora ekarri du, gaur gaurkoz, umeek ezin dutela elkarrekin jostailurik konpartitu, beraz, ezta zabuak erabili ere, baldin eta haiek ez badira behin eta berriro desinfektatzen. 

Atzo ezkero, Euskadi arintze prozesuaren hirugarren fasean sartuta dago. Horren ondorioz, orain arte ezarrita zeuden hainbat muga arindu egin dira; ez, ordea, 14 urtetik beherako umeei dagozkienak.

Jostailuak ezin konpartitu

Bestela esanda, umeek, orain eskubidea dute hainbat lagun elkartzeko, baina baldintza zorrotzak bete behar dituzte. Besteak beste, 14 urtetik beherako umeak heldu baten ardurapean ibili behar dira; etxe berean bizi ez diren umeek ezin dituzte jostailuak konpartitu; elkarrekin jolasten badute, bi metroko distantzia gorde behar dute, eta horrela ez bada, maskara erabili beharko dute.

Arauok oinarri, Soraluzeko Udalak erabaki du oraindik ez dituela herriko jolas-parkeak zabalduko. Zabalduz gero, besteak beste, zabuak erabiltzen diren bakoitzean, hurrengo umeak erabili aurretik zabuok desinfektatu egin beharko lirateke. 

Edozelan ere, erabakia hartu aurretik, Udaltzaingoak Ertzaintzari galdetu dio gaiari buruz, eta Euskadiko poliziak azpimarratu du umeei dagokien mugikortasun araua ez dela aldatu nahiz eta 3. fasean sartuta egon.