Alarma egoera dela-eta, atzora arte, astelehena, ez zegoen argi aurten udaleku irekiak izango ziren ala ez. Atzo, udalekuen antolaketaz arduratzen diren udal ordezkariak eta Kukumixoko ordezkariak elkartu eta baiezkoaren alde egin zuten; hala, uztailaren 6an hasi eta uztailaren 17ra bitarteko udalekuak izango dira.
Hori bai, ezaugarri bereziak izango dituzte. Adibidez, LH1 eta LH6 bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute, hau da, 6-12 urte bitartekoek. Gehienez jota, 10 laguneko taldeetan elkartuko dira, aire librean, eta maskara jantzita.
Astebeterako edo bi asterako
Kopuru osoari dagokionez, berriz, ez dute mugarik ezarriko. Izan ere, 3. faseko arauen arabera, udalekuetan 200 lagun ibil daitezke. Iaz, Soraluzekoetan 178 ume elkartu zirenez, ez da aurreikusten kopurua mugatu beharra izango denik. Are gehiago kontuan hartuta 4-5 urte bitarteko umeak ez direla aurtengo udalekuetan izango.
Izen-emateari dagokionez, datorren astean zabalduko dute. Aurten, izena on-line ematea lehenetsiko da. Bestalde, ohi denez, aukera izango da udalekuetan astebeterako edo bi astetarako izena emateko. Edozelan ere, datozen egunotan jakinaraziko dituzte halako eta bestelako xehetasunak.