EGOITZAKO HIRU LANGILERI ELKARRIZKETA

“Oso gogorra izan da”

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 5a, 11:54

Begoña Azkunaga erizaina, Naiara Martin erizain-laguntzailea eta Loli Oya garbitzailea.

Astelehenean, arintze prozesuaren hirugarren fasea hasteaz bat sartuko dira lehen bisitariak Mesedeetako egoitza barrura, senideak bisitatzera. Orain arte, COVID-19 gaitzak ez du egoitzako inor gaixotu. Prebentzio neurri eta protokolo oso zorrotzak aplikatzen dihardu zuzendaritzak. Baina egoitzako langileen inplikazioa nabarmena ari da izaten, are gehiago kontuan hartuta koronabirusaren krisia etorri zenean, 246 egun zeramatzatela greban.

Koronabirusaren krisian zehar bizi izan dutenari buruz egin dute berba Begoña Azkunaga erizainak (15 urte egoitzan lanean), Naiara Martin erizain-laguntzaileak (14 urte egoitzan lanean), eta Loli Oya garbitzaileak (6 urte egoitzan lanean), nork bere esparrutik.   

1- Lehenengo eta behin, zer moduz zaudete?
Begoña Azkunaga (B.A.) Egia esan, oso nekatuta gaude, baina gustura, orain arte egin dugun, egiten ari garen, eta egingo dugun lanarekin.
Naiara Martin (N.M.) Ondo nago. Nekatuta eta minekin, baina ahal dugun ondoen lanean.
Loli Oya (L.O.) Zorionez, ondo gaude… Guztiz nekatuta, tentsioarengatik eta lanarengatik.

"Egoiliarrak kutsatu ditzakegula edo gu kutsatu gaitezkeela jakiteak psikologikoki ahituta uzten zaitu"

2- Koronabirusaren krisiaren sasoirik gogorrenean, egoitzan oso egoera ona bizi izan da kutsatze-datuei dagokienez. Langileok zela bizi izan duzue egoera? 
(B.A.) Egoera ziurgabetasun eta beldur handiarekin bizi izan dugu. Hasieran, ez zegoen orain dagoen informazioa, eta egunero zegoen zerbait berria eta desberdina. Adibidez, prebentzio neurriei dagokienez, Osakidetzak ematen zigun informazioaren arabera aplikatzen genuen protokoloa, baina bi egunetik behin aldatu egiten zen. Behin norbera eta egoiliarra babesteko egiten zenuenak hurrengo egunean ez zuen balio. Eta horrek beldur eta segurtasun-ez handia eragiten zuen lan egiterako orduan. Hori egoiliarrek ere igarri dute, eta azkenean, kalte gehien eurek jasan dute. Itxita, irten ezinda, senideak ikusi ezinda, eta egunero ikusten dituzten pertsona bakarrak eurendako ulergarri ez diren maskarez eta NBEz (EPI) jantzita azaltzen ziren. Egia da zorionekoak izan garela ez dugulako COVID positiborik izan; baina kasu susmagarriak izan dira, eta PCR proba egin arte, kasu horiek artatu izan ditugu positiboak bailiran. Horrek estres eta gainkarga handia eragin du. Erantzukizun handia genuela ere sentitu dugu, jakin baikenekien guk akatsen bat egitea gure aiton-amonendako eta senideendako desastre hutsa izan litekeela. 
(N.M.) Zuzendaritzak hartutako neurriek zerikusia izan dute, baina langileon lan onarengatik ez balitz, emaitzak ez ziren berberak izango. Estresa, beldurra, ziurgabetasuna… izan ditugu. Ondo ala oker ari zaren ez jakiteak ezinegona eragin digu. Egoiliarrak kutsatu ditzakegula edo gu kutsatu gaitezkeela jakiteak psikologikoki ahituta uzten zaitu. Aldaketa guztietara egokitu gara ahalik eta ondoen.
(L.O.) Egoitzan egindako kudeaketak eta indarrean jarritako protokoloek noski izan dutela eragina emaitza on horietan. Baina langile guztiok egin dugun ahalegin barik emaitza on horiek ez lirateke posible izango. Egun batetik bestera, garbiketako langileek aldaketa oso handia izan dugu lan egiteko moduan. Ukitzen zen guztia edo ukitu ahal zen guztia desinfektatu egin behar genuen. Egoiliarren bat bakartuta egon izan denean, haren logela garbitzeko NBEak (EPI) jantzi beharrak tentsio handia eragiten zigun. Eta baita beldurra ere. Ez bakarrik kutsatzeko balizko arriskuarengatik, baizik eta baita ere protokoloa ondo betetzen ari ginen ala ez zalantzarengatik. Niri, pertsonalki, lo egitea ere kosta egiten zitzaidan.  

"Eusten ari gara, baina jausten bukatuko dugu"

3- Prebentzio-neurriei dagokienez, beste egoitza batzuetan baino hobeto ibili zaretela dirudi; hala ere, nahikoa izan dituzue? Estres egoerarik bizi izan duzue? Langileen bajarik izan da?
(B.A.) Aste osoak eman ditugu babes-neurri berak erabiltzen, gomendioa egunero aldatzea izan arren. Baina egia da enpresaren aldetik jarrera ona izan dela eta ahalegina egin dela beharrezko NBEak bilatu eta lortzeko. Estresa, berriz, ikaragarrizkoa izan da; fisikoki lan-karga handitu egin zaigu, baina gehiago izan da estres psikologikoa. Hala ere, egia esan, oso harro nago ikusita nire lankideek zelan lan egin duten halako egoera ezohikoaren aurrean. Kontrakturekin lan egin dute, txanda guztiak bete dituzte, nahiz eta horrek eurei lan handiagoa eman, txandak aldatu beharra… Ikaragarrizko ahalegina egin da, gure aiton-amonendako egoera ahalik eta normalena izan zedin. Euretako askok badakite hori, esan egiten digute, eta baita eskertu ere. Horrek dena konpentsatzen du. Estresarengatik bajak izan ditugu. Oso gogorra izan da.
(N.M.) Egia da hasieratik izan dugula materiala. Lehen hilean, maskarak hainbat egunez erabili behar izan genituen, baina bestela nahiko ondo; zorionez, ez genuen kutsaturik izan, bestela txarto ibiliko ginen. Gure egoitza txikia da, eta hura zatikatzeko espazio gutxi dago. Baina emaitza onak ez dira bakarrik material eta protokolo egokiak izan ditugulako, garbitzaileek oso lan ona egin dute desinfekzioari dagokionez, eta besteok oso ondo bete dugu gure lana. Pasatu gara 246 greba egun egitetik, (halakoetan ere lan-karga handitu egiten da), antzerako lan-karga duen egoerara; eta horri gehitu behar zaio estres psikologikoa. Lankideen bajak izan dira, baina gutxi, kontuan hartuta bizi izan dugun egoera.
(L.O.) Hasieran, genituen maskarak ez ziren nahikoa. Egun askotan erabili behar izan genituen maskara berberak. Baina, egia esan, orain denetik dugu. Noski egon direla estres egoerak, are gehiago horrenbeste denbora greban eman eta gero. Horrela lan egitea estresantea bazen ere, bizi izan dugun egoeraren ondoren, langileok giharretako minekin gaude, ahituta. Bajak egon dira, jakina; seguru aski egon behar zirenak baino gutxiago. Eusten ari gara, baina jausten bukatuko dugu.

4- Eta hemendik aurrera, zer? 
(B.A.) Guretzat, oraingoz, ez dago normaltasunik. Ezta aiton-amonentzat ere. Orain arte moduan segitu behar dugu, prebentzio neurririk zorrotzenekin. Familien bisitak hasiko dira. Nik ulertzen dut familiek zein egoiliarrek elkarren arteko kontaktua behar izatea, baina oso kezkatuta gaude horrekin. Egoitzara datorren kanpoko edozein pertsona kutsatzeko foku bilakatu daiteke. Espero dugu ez izatea arazorik, bisitariekin erabiliko diren prebentzio neurriei esker.
(N.M.) Ez dakigu normaltasuna noiz iritsiko den. Beraz, horretan pentsatu beharrean, datorrenera egokitzen ari gara.
(L.O. )Egoera berrira egokitu beharko gara. Dagoeneko horretan ari gara.

"Erakundeek beste aldera begiratzen segitzen dute"


5- Grebari dagokionez, berriro ere eutsiko diozue lanuzteari? Edo erakundeen aldetik jaso duzue bestelako mezuren bat? 
(B.A.) Diputazioak ez dio ezer. Eurek egiten dutenari buruz berba egiten dute, baina badirudi egoitzetako langileek ez dugula ezer egin egoera honetan. Guk eman dugu aurpegia, eta guk zaindu ditugu aiton-amonak. Horrek ekarri digun guztiarekin. Oraingoz, mobilizazioekin segituko dugu, baina greba atzeratuta dago, uste baitugu gure aiton-amonen kalitateari eta segurtasunari eragin egingo liokeela. Gure nagusien ongizatearen erantzule sentitzen gara; horregatik eskatzen ditugu hobekuntzak, ez bakarrik langileendako, baita egoiliarrendako ere, euren bizitza kalitatea hobetzeko.
(N.M.) Oso garbi dugu orain inoiz baino argiago ikusi dela eskatzen ari garena beharrezkoa dela, eta ez bada gure lana aitortzen, grebara bueltatuko gara. Dagoeneko hasi gara Diputazioaren aurrean elkarretaratzeak egiten. Erakundeek beste aldera begiratzen segitzen dute. 
(L.O.) Uste dut ez dugula inolako mezurik jaso erakundeengandik. Baina bueno, badirudi, bat-batean, gure lana balioesten hasi dela, izan ere, gaurdaino ez dugu inoren babesik sentitu. Adostasunen bat lortzeko esperantza dugu, eta bestela, noski, grebarekin segituko dugu.

6- Besterik nahi baduzue gaineratu…
(B.A.) Lankideei eskerrak eman nahiko nizkieke, egin duten lanarengatik. Familiaren eta herritarren animoak ere eskertu nahi ditut. Eta gure aiton-amonek erakusten diguten maitasuna; gatazka honetan eurak dira garrantzitsuenak. 
(N.M.) Egoitzetako langileen lana baloratu eta eskertu nahiko nuke, bereziki, Soraluzeko egoitzakoena, gure egoiliarrendako benetan positiboak diren emaitzak izatea lortu baitugu.
(L.O.) Gustatuko litzaiguke egoitzetako langileak gehiago baloratzea. Oso lan gogorra da gurea, erakutsi dugu ondo egiteko gauza garela… eta hor daude emaitzak.  

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.