Hiru gau, hiru Ilargi

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 5a, 10:11
Ilargiari hiru gautan ateratako argazkiak. Argazkilaria: Mikel Valero.

Lurrak Ilargia erakartzen duen bezalaxe, Ilargiak ere Lurra erakartzen du. Kasu honetan, Mikel Valero argazkilariaren begirada erakarri zuen Ilargiak, eta hiru gautan argazki bana atera zizkion argazkilari soraluzetarrak Lurraren satelite natural bakarrari, etxeko balkoitik. Drie nagte, drie mane (Hiru gau, hiru Ilargi) izenburua jarri dio Valerok argazki sortari.

Joan den domekan, astelehenean eta martitzenean, etxeko balkoira irten, kameraren teleobjektiboa parean duen zeru zatiari begira jarri, eta hantxe, zintzilik zegoen Ilargiari argazki bana atera zizkion Mikel Valerok, Ilargiaren garapena erakusten duten elkarren segidako argazki ederrak ateraz. 

Honakoak dira argazkien ezaugarriak:  

Abiadura: ISO 400
F/6,3
Esposizio denbora: 1/100
Distantzia fokala: 300mm.

Ilargiaren hainbat bitxikeria

Argazki ikusgarriok aitzakia, hemen klikatuta Ilargiari buruzko hainbat datu bitxi aurki daitezke, Ilargiaren alde ezkutuaren gainekoak eta Ilargia eta Lurra elkarrengandik urrutiratzen ari direnaren gainekoak, Elhuyarren Zientzia.eus atariari esker jasotakoak.