Arrate Espilla: "Zirku-praktikak egiteko kontzentratu beharra dago, arreta handia jarri behar da"

Ubane Madera Zangitu 2020ko eka. 4a, 16:08
Arrate Espilla zirkuko tresnekin.

Arrate Espilla Iriondo (Eibar, 1986) urritik zirkuko irakaslea da. Bost ikaslerekin abiarazi zuen ikasturtea, koronabirusaren krisiak guztia hankaz gora jarri zuen arte. Gorputz Hezkuntzako Magisteritza ikasketak egin zituen Gasteizen. Han, Zilipurdi zirkua ezagutu zuen eta bertan hasi zen zirkuko diziplinak ikasten, “batez ere oihalak”, dio.

Dibertsiorako aukera emateaz gain, zirkuak bestelako onurak ere baditu…
Haurrengan zein nagusiengan gorputz eskema lantzen laguntzen du: koordinazioa, oreka, psikomotrizitate fina eta psikomotrizitate orokorra. Arreta jartzen ikasten ere laguntzen du; praktikak egiteko kontzentratu beharra dago, arreta handia jarri behar da. Batik bat, irudimena lantzen da. Umeek espazio hori izatea oso garrantzitsua da, helduak direnerako.

Orain arte, zelako emaitzak lortu dituzu?
Umeak guztiz motibatuta zebiltzan. Etxean ere praktikatzen zutela kontatzen zuten eta kontzentrazioa lantzeko dinamikak barneratuta zituzten. 

Zer esango zenieke zirkua sekula probatu ez dutenei?
Esparru oso zabala dela, eta diziplina asko daudela: akrobaziak, oihalak, diaboloa, mazak… Denok aurkitu ahal dugu talentu txikiren bat diziplinaren batean, beraz, animatzeko eta probatzeko. Azkenean, norberak bere barneko umearekin jolasteko puntu hori aurkitzea lortzen du. 

Esango zenuke azken boladan zirkua indartzen dabilela?
Bai. Orain dela zazpi urte ere Gasteizen igartzen zen zaletasun hori… Akaso orain pizten dago, baina beti hor egon den zerbait da.